Ertz jaialdia eta Hirugarren Belarria jardunaldiak iritsi dira hirira
Aurten ere hiru herritan banatu dute ekimena eta Donostian hainbat jarduera egingo dituzte ostirala arte
Film esperimentalak, kontzertu bereziak, urarekin egindako musika, soinu-otorduak, futbol zelaietako kantuak eta entzumenari buruzko filmak izango dira Ertz jaialdiaren oinarriak seigarren urtez.
Aurrekoetan bezala, jaialdia hiru zati nagusitan banatu dute. Asteburuan Nafarroako Bera herrian abiatu zen jaialdia, eta atzotik Donostian ari da izaten jarraipena, Hirugarren Belarria izeneko jardunaldiarekin. Lapurdiko Hazparne herrian bukatuko da jaialdia, irailaren 15ean, musika, dantza, bideo instalazio eta argazkia uztartzen dituzten hiru saiorekin.
Hirugarren Belarriari dagokionean, soinua, musika eta entzumenaren bidez gizartea osatzen duten hainbat baliabideren pertzepzioa zabaltzea da. Donostian, Artelekun, Kaxildan, Guardetxean eta Kutxa aretoan egingo dituzte jarduerak.
Egitaraua
- Gaur. Jota heretikoak eta Tirititran tran tran tran tran… Transgresioak Flamenko erara hitzaldiak 19:0etan, Kaxildan.
- Bihar. Ziegak eta Transduktoreak eta kirol estadioetako kantuen inguruko hitzaldiak, 19:00etan, Artelekun.
- Etzi. Ni nuzu dokumentalaren entzunaldia, 20:00etan, Guardetxean.
- Ostirala. Oirse filmaren proiekzioa, Kutxa Arrasate aretoan.


