Larrotxene kultur etxearen 25 urteak ospatuko dituzte intxaurrondotarrek
I. Intxaurrondo Eguna ospatuko dute igandean, jaien barnean, eta beste hainbat ekimen egingo dituzte
Larrotxene kultur etxeak 25 urte beteko ditu aurten, eta aitzakia horri tiraka, hainbat ekimen antolatu dituzte Intxaurrondon datozen asteetarako. Intxaurrondo Zaharreko jaiekin bat eginez, igande honetan bertan, I. Intxaurrondo Eguna antolatu dute bertako auzo elkarteak eta Donostia Kulturak. Hori izango da jai nagusia, baina bestelakoak ere antolatu dituztenez, guztiaren berri zehatzagoa emateko prentsaurrekoa eskaini zuten Larrotxenen bertan atzo goizean. «Larrotxene, zortzi auzotan banatuta dauden 11 ekipamenduetako bat da, eta aurten 25 urte beteko ditu, Okendo eta Loiola kultur etxeekin batera», azaldu zuen Nerea Txapartegi udaleko Kultur arduradunak. Larrotxene ikus-entzunezkoetan berezitua dago eta bideogintzan Gipuzkoako erreferenteetako bat da, Txapartegiren hitzetan. Gainera, urtean batez beste 20.000 erabiltzaile inguru izaten dituela aipatu zuen Txapartegik.
Maite Berzosa Intxaurrondotarrak 25 urte baino gehiago egin zuen atzera, auzoko mugimenduen berri emateko. «Larrotxene duela 25 urte zabaldu zuten, baina ordurako bazen auzotar mugimendu indartsua, bertako beharrei erantzuteko. Lokal baten berharra eta diru falta ziren orduko behar nagusiak», azaldu zuen Berzosak. Intxaurrondoko elkarteen elkarlanari esker, Intxaurrondoko Kultur Kontseilua osatu zuten, eta hutsik zegoen Larrotxene baserria konpontzen hasi ziren. Udalari laguntza eskatu zioten eta hortik sortu zen kutur etxea. Esan bezala, 1987an zabaldu zuten Larrotxene, eta urte batzuetara auzotarrei txiki geratu zitzaienez, Intxaurrondo Berri zabaldu zuten, Txara inguruan. Hala, egun, hiriko kultur etxe zaharrenetako bat eta berriena ditu auzoak.
Jai ibiltaria
Mikel Galan Intxaurrondoko jai batzordeko kidea da, eta gogorarazi zuen jaiak ostegunetik igandera ospatuko dituztela. Hala, igandean ospatuko dute I. Intxaurrondo eguna. Ondoren, xehetasun gehiago eman zituen Agurtzane Aizpuruk, Larrotxeneko zuzendariak. «Intxaurrondo Eguna urtez urte jai ibiltaria izatea nahi dugu eta urte bakoitzean Intxaurrondoko auzo bateko jaien barnean egitea nahi dugu», azaldu zuen Aizpuruk.
Larrotxene kultur etxearen 25. urtemuga
- Gaurtik urriaren 11ra
- Bihar, irailak 12
- Irailak 16, igandea



