Sentsibilizazio kanpainak eragina izan duela diote Parte Zaharreko auzotarrek
«Ez egin pixa kalean» ekimena gauzatu du auzo elkarteak; udalak hamabi komun jarri ditu estropada egunean
Igande honetan bezalako festa egunetan, Parte Zaharreko atari eta txokoak pixez eta zikinkeriaz bete ohi dira. Holakoen ondorioz, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak esku hartu du «Ez egin pixa kalean» lelopean. Asteburu honetan, sentsibilizazio kanpaina bat egitea izan dute helburu.
Auzo elkartearekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak asteburuan egindako ekimenaren balantzea jakin asmoz, eta lehen balorazio bat egin dute; batetik, auzoan zehar leku ezberdinetan jarritako kartelek badirudi jendeak kalean ez hainbeste pixik egitera bultzatu duela; bestetik, auzotarrek beraiek ere zoriondu dute aspalditik datorren arazo honi aurre egiteko egitasmoa.
Tabernetako komunak
Baina kaleko zein auzoko erantzun positiboez gain, auzo elkartekoek pozik jaso dute udalak berak hartutako neurria. Izan ere, estropada egunerako, auzoko hainbat tokitan hamabi komun jartzearen ardura hartu baitzuen.
Parte Zaharrean Biziren iritziz, komun publiko gehiago jartzea lagungarria da jendeak atarietan pixarik (eta besterik) egin ez dezan, baina baita ere tabernetako komunak erabilgarri egotea. Hala ere, indar berezia jarri dute jendearekiko sentsibilizazioan, ez dezaten ahaztu bertan jendea bizi dela.
Asko egiteko
Aurrera begira, hala ere, lanean jarraitzeko beharra ikusten dute auzotarrek. Kanpainak harrera ona izan badu ere, arazoa ez delako desagertu nabarmendu dute. Adierazi dute lanean jarraituko dutela hiru bidetan: udalari komunak jar ditzan eskatzen, festara datorren jendeari bertan jendea bizi dela gogorarazten eta auzokideei kartelak eta gainontzekoak atarietan jartzera animatzen.



