Erretratuz betea dago Lugaritz kultur etxea
Erika Barahona Ede bilbotarrak ospetsuei ateratako zuri-beltzeko argazkiek osatzen dute erakusketa
Ahalik eta gutxien esku hartzen saiatzen da Erika Barahona Ede bilbotarra erretratuak ateratzerako unean. Berari erakargarri egiten zaiona ez da pertsonaia ospetsuak izatea, artistaren giza alderdia baizik, eta hori harrapatzen saiatzen da. Bere erretratuetako batzuk bildu dituzte Lugaritz kultur etxean, Giorgio Armani disenatzailea, Patti Smith abeslaria, Salman Rushdie idazlea… Urriaren 5era arte bisita daiteke erakusketa; astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etra eta 16:00etarik 20:30era.
Nagusiki paisaia eta arkitektura argazkilaritzan aritua da Erika Barahona Ede, baina 1996 urtean Eva Davidovari egindako argazkiarekin, oraindik lantzen ari den bilduma horri ekin zion. Paris, Bilbao, Valentzia eta Gandian ikusgai izan dira bildumako zenbait atal, eta Donostian, lehen erretrato hartaz eta hainbat lan hautatuz gain, azken argazkietako batzuk jarri ditu.
Zuri-beltzeko argazkiak dira, formato handikoak, eta klasiko handiak ekartzen dituzte gogora gizakia irudikatzeko moduan: atzealde neutroa, aurrez-aurreko hartzea, erdi planoko enkoadraketa…
Geografia eta Historian eta Arte Ederretan lizentziaduna da Erika Barahona Ede, eta Euskal Herriko Unibertsitateko ohorezko irakaslea. Bilboko Guggenheim Museoan argazkilaria da eta Argazkilaritza Saila koordinatzen du. Bere ibilbidean zehar sari garrantzitsuak eskuratu ditu, tartean International World Heritage Photo Competition, 1998an.

