Hiriaren irudiak behera egin duela salatu du Gascok
Asfaltua, hiriaren zein hondartzen garbiketa, lorategi guneak… «zuloz, hondakinez, eta azken batean utzikeriaz» beteta daude. Hori adierazi zuen PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok atzo egindako agerraldian.
PSE-EE arduratuta dago azken urtean hiriak eman duen aldaketarekin. Gascok dio Donostia beti izan dela bere irudi onagatik ezaguna, eta azken urte eta zehazki hilabete hauetan irudi on horrek nabarmen egin duela behera.
Besteak beste, errepideetan dauden zuloak, haurren parkeek duten egoera utzia, hiria eta hondartzen garbiketa eza, gune berdeen utzikeria… aipatu ditu PSE-EEko bozeramaileak.
Batik bat, honen arrazoiak bi direla azpimarratu du Gascok. Batetik murrizketak izan direla, bai garbiketa zein mantentze lanetan, eta horrek berak eragin zuzena izan duela; eta bestetik, Bilduk berak erakutsi duen hiriarekiko utzikeria.
Argi utzi du, hala ere, inondik inora ez dietela udaleko langileei errua eragozten, ardura guztiz politikoa delako, haren ustez.
Bukatzeko, asfaltoen egoera «tamalgarri zein arriskutsua» gogorarazi du Gascok, eta horren aurrean ezer gutxi egin dela.
«Non daude Eguzkikoak?»
Azkenik, ardura eta azalpenak eskatu ditu PSE-EEk Artzai Onaren Eliza inguruan moztu diren zuhaitzengatik. Esan duenez, ez dakite zein arrazoi direla medio gutxienez hiru zuhaitz moztu dituzten. Eta bukatzeko galdera bat bota du airera: «Non daude Eguzkikoak orain?».

