Marian Tapias: "Poliklinikan urte asko zeramatzaten langileak ziren"
Mamen Moneo eta Marian Tapias; Poliklinikako langileen ordezkariak
Lan arloan garai latzak ezagutzen ari da herritarren gehiengoa. Gipuzkoako Poliklinika da horren adibideetako bat; aurten 35 langile kaleratu dituzte.
Kaleratzeak nagusitzen ari dira Miramonen egoitza duen Gipuzkoako Poliklinikan, krisian dagoela argudiatuz. Kaleratzeak direla eta, langileen artean kezka eta haserrea nagusitu dira, ez baitakite zer gertatuko den aurrerantzean. Mamen Moneo (Intxaurrondo, 1960) Erizaintzako Teknikarien Sindikatuko Gipuzkoako idazkaria da; Marian Tapias (Errenteria-Orereta, 1956), berriz, Poliklinikako langilea da, erizaintza teknikaria. Kaleratuen artean, 61 urteko langileak daudela diote, eta gehienek bertan lanean urte asko zeramatzatela. Protesta moduan, Poliklinikaren sarreran eserialdia egiteko asmoa dute langileek, aste honetan arratsaldero.
Zenbat langile eta zein baldintzetan kaleratu dituzte?
Marian Tapias (M.T.): Maiatzean bost langile kaleratu zituzten, eta duela gutxi, abuztuaren 30ean, 28 gehiago bota zituzten. Ostegun horretan bertan, abuztuaren 30ean, enpresa batzordeak deia egin zigun. Dagoeneko kaleratuko zituzten langileak erabakiak zituztela esan ziguten, eta bilera bukatu bezain laster kaleratzeekin hasiko zirela. Langileak lanean ari zirela, kaleratze eskutitzak eman zizkieten, eta zuzenean etxera bidali zituzten. Hori bai, 15 eguneko aurrerapenarekin ez jakinarazteagatik, zegokien dirua eman diete.
Mamen Moneo (M.M.): Lege berriarekin kaleratu dituzte, beraz, lan egindako urte baikoitzagatik 20 egun kobratu dituzte. Oso adierazgarria da guztia, oso ongi etorri baitzaie lan erreforma berria.
Orduan, guztira 33 langile kaleratu dituzte momentuz.
M.T.: Bai, baina oso ongi kalkulatu dute guztia. Kaleratze batzuetatik besteetara hiru hilabete itxaron dituzte, ez dadin kaleratze kolektiboa izan.
Zein sailetan egin dituzte murrizketak?
M.T.: Poliklinikako sail guztietan, baina bereziki ospitalizatze solairuetan eragin du. Informatikariak, erizain laguntzaileak… denetik kaleratu dituzte.
Irizpideren bat jarraitu dute langileak kaleratzeko garaian?
M.T.: Bat ere ez. Kaleratu dituztenen artean 61 urte dituzten pertsonak daude eta bertan lanean 20 urte baino gehiago zeramatzatenak; 36 urte zeramatzatenak… orokorrean, Poliklinikan urte asko zeramatzaten langileak ziren. Gainera, guztiek kontratu mugagabeak zituzten. Giza Baliabideetako zuzendariari eskatu genion gutxi gora-behera zein irizpide jarraituko zituzten esateko, eta bakoitzaren betetzeak kontuan izango dituztela esan zigun, baina ez da hala izan. Beraien arabera, abokatu talde batek baloratu du guztia, eta beraiek esan diete zein pertsona kaleratzea komeni zen.
Zer dakizue kaleratuetaz?
M.M.: Aholkularitza juridikoekin bilera egin berri dute. Guztia oso berria da.
Lanean jarraitzen duzuenok zerbait egin duzue protesta moduan?
M.T: Lehengo astean, Poliklinikako sarreran eserialdiak egiten hasi ginen. Kartel batzuk egin ditugu eta bertan kaleratu dituzten lankideen akronimoak jarri ditugu. Aste honetan ere, 14:30etik 15:30era, egunero eserialdiak egiteko asmoa dugu. Horretaz gain, zerbait gehiago egiteko asmoa dugu aurrerago.
Zein giro duzue lanean?
M.T.: Oso triste gaude, eta kezkatuta.
M.M.: Bereziki engainua izan dela esango nuke. Oraintxe, sarreran, atarte guztia berritu berri dute, marmolezko zoruarekin. Beraz, ezin da ulertu nola akziodunen artean etekinak banatzen ari diren eta, aldi berean, langileak kaleratzen. Urtero banatzen dituzte etekinak. Beraz, ez bada galerarik egon, zergatik egin dituzte kaleratzeak? Argi dago kanpoko irudiari garrantzia handia ematen diotela.
M.T.: Bihotz-birgaitze solairu guztia ere berritu egin dute, dena berria da.
Zein informazio jaso duzue? Badakizue kaleratze gehiago egongo diren?
M.T.: Ez dakigu ezer ere. Egunez egun ikusten dugu zer gertatzen den.
Materialean, esaterako, murrizketarik egon da?
M.T.: Erosketetan murrizketak egin dituztela diote, baina guk hori ezin dugu jakin.
Zuen ustez, egindakoarekin ez dute deus ere konpontzen, ezta?
M.M.: Ez. Gaixoek etortzen jarraitzen dute, eta egin dutena ez da konponbidea.



