Intxaurrandietak atez atekoa udalen eskumena dela nabarmendu du
San Markoko buruak adierazi du herritarren alde egin duelako kendu nahi dutela Bildu presidentetzatik
Oraindik San Marko Mankomunitateko presidente den Ainhoa Intxaurrandietak agerraldia egin zuen atzo. Azken urtean egindako lana azpimarratu zuen, «arduraz» eta «serio» aritu direla esanez.
Denis Itxasok (PSE) San Markoko presidente izango denak eta Ramon Gomezek (PP) presidenteordeak argi adierazi zuten herenegun lehentasuna atez atekoa gelditzea izango dutela. Intxaurrandietak horri erantzuten argi utzi zuen atez atekoa ez dela inoiz mankomunitatearen eskumenetan sartu. Gaineratuz, udalek dutela «eskumen osoa» hondakinak nola bilduko diren erabakitzeko, eta orain presidente berri izango den Itxasok hori ongi jakin behar lukeela gehitu zuen.
Enpresen alde baino, urte honetan hasieratik herritarrentzat lanean aritu direla esan zuen. Zaborraren kudeaketa onak ez duela herritarrentzat onura besterik sortzen ere gehitu zuten. Orain arteko bideari jarraituz, Gipuzkoa Zero Zabor gune bilakatzea dute helburu, eta noski erraustegirik behar ez izatea. Horretarako bidea, zabor murrizketa, prebentzioa, berrerabilpena eta birziklatzea direla esanez.
Hamarretik bederatzi
Aurreko astean EAJk PP eta PSE-EErekin San Marko Mankomunitateko presidentea aldatzeko egindako hitzarmenaren harira, Intxaurrandietak EAJk Bildu alderatu nahi duela esan du: «San Markoko hamar udalerrietatik bederatzitan gobernatzen duen Bildu bota nahi du EAJk». Azken honekin, herritarren borondatea urratuko dela adieraziz.
Orain arteko lanaren inguruan, herritarrek, erakundeek eta enpresek zoriontzen dituztela adierazi zuen Intxaurrandietak. Gainera behin eta berriz errepikatu zuen, herritarren alde lanean aritu direla, eta beraz ez dutela ulertzen EAJk zergatik bota nahi dituen. Aditzera eman zuenez, arrazoia azken hori izan liteke: mankomunitateak herritarren alde egin duela eta ez enpresen alde.
Bestalde presidentetza berriari buruz, honako hau esan zuen: «batzuk, proiekturik ez duten arren, enpresen interes ezkutuen morroi dira». Gainera, egin ez eta egiten ere ez dutela utzi nahi adierazi dute. Presidentearen esanetan beldur diote orain arteko kudeaketak topatzen duen irtenbideari, hau da, erraustegirik behar ez izateari.
Kargu aldaketa noiz izango den galdetuta, Intxaurrandietak esan zuen berak ez zuela deitu bilerara; azkenik hilaren 26an izango dela aldaketa eguna.
Bigarren garbigunea
Donostiako eta inguruneko herritarrentzako bigarren garbigunean martxan dagoela adierazi du Intxaurrandietak. Bestalde, gogoraraziz, poligonoetako enpresetan urriaren 1ean jarriko dela martxan ondenantza berria.
Azkenik, mankomunitatean lanean dabiltzan enpresen hondakinen azterketa egin ostean, emaitza onek hala jarraitzeko esan dutela adierazi dute.
Oraindik presidente denak esandakoaren arabera, gobernu ardura duten artean lanean jarraituko dute.


