Imanol Legarda: "Hasieran ez nuen oso garbi zer zen, baina interesgarria zirudien"
Imanol Legarda, TranXlan proiektuko partaidea
San Telmo Museoko Didaktika Aretoan lanean ari dira 14 gazte, Tabakalerak bultzatutako TranXlan proiektua gauzatuz.
Ikus-entzunezko komunikazioko ikaslea da Imanol Legarda (Gros, 1989). Donostiako transmedia proiektu berezian buru-belarri lanean ari da, gidoia sortuz, joan den astelehenetik. Bost arlotan banatuta daude partaideak: bideo-jokoak, webgunea, arlo soziala, gidoia eta ikus-entzunezkoa. Azken batean, guztien artean istorio handi baten istorio txikiak kontatuko dituzte, eta euskarri desberdinetan zabalduko dituzte. Guztiaren emaitza Fantasiazko eta Beldurrezko Astean ikusteko aukera egongo da.
Nolatan erabaki zenuen proiektuan parte hartzea?
Banituen lagunak aurretik honen berri zutenak. Nik uste nuen ezingo nuela parte hartu, atzerrian nengoelako, baina azkenean lortu nuen sartzea. Hasieran ez neukan oso garbi zer zen, baina interesgarria zirudien. Argi nuen betiko rolak mozteko balioko zuela.
Eta lanean hasi zaretenean…
Badago jende gaztea ikasketak duela gutxi bukatu dituena, eta gure unibertsitateko irakasle bat ere taldean dagoen arren, denak talde bat gara, ez dira irakasle eta ikasleak desberdintzen. Batez ere, asko ikasteko aukera ikusi nuen, eta dohainik. Askok pentsatzen dute lanean ari garela kobratu gabe, baina niretzat alderantziz da, asko ikasten ari naiz ordaindu gabe. Hasieran banuen kezka, agian ez nuela ekarpenik egingo. Lehen egunean ikusi nuen profesional handiak zeudela, eta ni ikaslea izanik… baina Internet inguruan, esaterako, gazteek erraztasun gehiago daukagu. Denok egiten dugu ekarpenen bat.
Zer moduzkoa izan da orain arteko esperientzia?
Filosofiarekin hartu beharra dago, egunean hiruzpalau krisi izaten dituzulako. Estresa sortzen du, baina dibertigarria da. Gu gidoia egiten ari gara, eta niri behintzat asko gustatzen zait. Asko ikasten ari naiz, eta oso gustura nago. Batzuetan pentsatzen duzu ez duela aurrera egingo, baina azkenean beti ateratzen da.
Zer da zehazki egiten ari zaretena?
Pixka bat sekretua da gure proiektua, baina bueno, zerbait aurreratu daiteke. Transmedia proiektu bat da, eta gure taldean, zehazki, gidoia eta egitura guztia osatzen ari gara. Istorio berdinaren barnean gertatzen diren istorio desberdinak dira. Publiko zabalarentzako bideratua egongo da, eta plataforma desberdinetan zabalduko da, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldian. Bideo jokoena, Internet bidez jaisteko aukera egongo da, eta benetan kalean jolasteko ere; ikus-entzunezkoetan, film laburrak osatzen ari dira: istorioa testu moduan egongo da; eta sare sozialetara bideratuko da, bertatik informazio gehiago lortzeko. Azken finean, gauza bakarra jarraitu daiteke, independentzia duelako, baina denak gauza bera osatzen du.


