Donostian izango da aurten ikasketa autonomoa eztabaidagai
Zubiri Manteo ikastetxeari egokitu zaio ‘Nordic Conference on Autonomous Learning’ antolatzea
Urriaren 3, 4 eta 5 bitartean gauzatuko dute ikasle autonomoaren inguruko kongresua, Ikaste autonomoaren garapena, hizkuntza-geletan: Zertan datza? Nola gauzatzen dugu? izenburupean.
Kongresu hau 1986tik bizpahiru urtean behin antolatzen da Europako herrialde ezberdinetan. Bertan, ikasketa prozesuan ikaslearen autonomia eta parte-hartze aktiboa landu izan da. Azken urteetan, gainera, Europako herrialdeetatik ez ezik, mundu osoko ordezkaritzak bildu izan dira.
Bestalde, esperientziak trukatzeaz gain, ikaslearen ikaskuntza autonomoa nola bultzatu eta lagundu eztabaidatzen da. Horretarako, irakasle, hezitzaile, Europako hainbat unibertsitatetako ikerlari eta gaia lantzen ari diren hainbat aditu bilduko dira. Helburuak, praktika hauek zabaltzea eta ikertzaile-irakasle lankidetza lortzea dira, besteak beste.
2006tik lanean
IES Zubiri-Manteo BHI institutoko hainbat irakasle 2006. urteaz geroztik lanean aritu dira biltzar hauetan proposatutako lan egiteko metodologian eta azken urteetan institutuak ordezkari bat bidali du Nordic Conference jardunaldietara.
Lan horren ondorioz, Zubiri-Manteo institutua aukeratua izan da 2012ko Biltzarra Donostian antolatzeko.

