Fanfarlo taldea McEnroe eta Naicarekin izango da gaur Gazteszenan
Donostikluba jaialdiaren bigarren emanaldia da gaurkoa. Asteburuan The Wave Pictures, The Tallest Man On Earth, La Casa Azul eta Anai Arrebak taldeek joko dute programaren barruan
Sharif eta Gallinero All Stars taldeek ekin zioten Donostikluba jaialdiari joan den ostiralean, Kontadoresen. Gaur Gazteszenara egingo du salto musika jaialdiak. Ingalaterrako Fanfarlo indie taldea izango da zuzenean gaur. Getxoko McEnroe eta Hondarribiko Naica taldeak izango dira gonbidatuak. Musika gaua 21:00etan hasiko da.
Hasiera batean Veronica Falls taldeak jo behar zuen gaur. Bira, ordea, bertan behera utzi dute, eta Donostian ez dute joko. Haien ordez iritsi dira Donostiara Fanfarlo. Azken aldiz Belodromoan izan ziren, duela urtebete, Kutxak eta Ginmusicak egin zuten jaialdi erraldoian.
Ostiralean Jero Romero, Tachenko, Pegasvs eta The Wave Pictures izango dira, agertoki berean. Eta larunbaterako hainbat hitzordu egingo dituzte hainbat lekutan. Antzoki Zaharrean, esaterako. Folk musika izango da nagusi: The Tallest Man On Earth, House of Wolves eta Daniel Martin Moore egongo dira zuzenean. Gazteszenan, berriz, Swan Fyahbwoy taldeak reggae eta hip hop kontzertua emango du. Eta gauean Gazteszena dantzaleku bihurtuko du Anai Arrebak taldeak Reina Republicana eta La Casa Azul taldeekin batera.