Sevillatik Santiagora, bizikletaz
Donostiarrako hiru arraunlarik Andaluzia eta Galizia arteko ibilbidea egin dute Santiago Bidetik; animalien ezusteak eta gurpiletako zulatuak tarteko, hamar egunetan mila kilometro osatu dituzte.
Arraun denboraldia bukatu bezain laster, trainerua bizikletengatik ordezkatu zuen Donostiarrako arraunlari kuadrilla batek, erronka gogor bati aurre egiteko. «Oporren kontua atera zen entrenamendu egun batean, eta bostak ados jarri ginen. Nik aurretik bizikletan Santiago Bideko ibilbide bat egina nuen, eta aldatzeko, Sevillatik Santiagora joatea erabaki genuen», azaldu dio Jon Sardonek Irutxuloko Hitzari. Adostu bezala, Sevillatik Santiagora joan ziren Jon Sardon (Intxaurrondo, 1985), Ekain Iriarte (Intxaurrondo, 1982) eta Aitor Aranegi (Parte Zaharra, 1989). Bide erdian, Salamancan, beste bi gehitu zitzaizkien; Parte Zaharreko Telmo Yurramendi eta Altzako Patxi Olabe.
Hiru lagunen abentura irailaren 15ean hasi zen. «Sevillatik atera aurretik, sei aldiz zulatu genituen bizikletako gurpilak. Gero, guztia errazagoa izan zen, bidea ongi adierazia baitzegoen. Bidea gogorra zen, eta ura edateko iturri gutxi zeuden, baina esperientzia polita izan da», azaldu du Sardonek. Kirolariak izanda, sufritzera ohituak daude, baina zerikusi gutxi dute arraunak eta txirrindularitzak. «Txirrindan oso gutxi ibiltzen gara, baina egunak pasa ahala moldatzen joan ginen», gehitu du. Hala, egunean 100 kilometro inguru eginda, lehenengo bost egunak bete zituzten. Hori bai, ezustekoak ez zituzten falta izan. «Animaliekin sustoren bat izan dugu, txakur batzuk gure atzetik korrika etorri ziren, bidean behiak jarri zitzaizkigun… halakoak beti pasatzen dira».
Orokorrean, gogorrena eguraldiaren gora-beherak izan zirela azaldu du Sardonek. «Eguraldi beroaren gogortasuna Andaluzian eta Extremaduran nabaritu genuen, eta Galiziara iristean aurkakoa izan zen, euria eta haizea izan genituelako».
Salamancan, bi gehiago
Bide erdian gehitu ziren bi arraunlarietako bat, Telmo Yurramendi izan zen. «Bagenekien Sevillako beroarekin gaizki pasa zutela, Salamancara iritsi arte. Gero, elkartu ginenean, Salamancatik Galiziara iristeko bi mendate handi igaro behar izan genituen. Galiziara sartzean, euria eta hotza izan genituen, baina gure artean oso ongi moldatu ginen», azaldu du Yurramendik.
Egunez egunekoa nolakoa izan zen azaldu du Yurramendik. «Goizean goiz jaikitzen ginen, 6:30ean. Aurreko egunean erositakoa gosaldu eta 8:00erako bizikleta gainean jartzen ginen. Pixka bat ibili ostean, hamaiketakoa egiten genuen, aurrera segi, eta 14:00ak aldera herriren batean bazkaltzen genuen. Bizikletan 17:30ak arte jarraitzen genuen, eta ostatuetara iristean, garbitzeko eta arropaz aldatzeko aukera izaten genuen. Gero, trago pare bat hartu, afaldu, eta 21:30erako ohean egoten ginen».
Nekerik handiena iztarretan nabaritzen zutela dio Yurramendik. «Bizikletan ordu asko ziren eta ipurdia ere mindua nabaritzen genuen, baina nekea ongi eraman dugu».
Irailaren 24ean Santiagora iritsi ziren bost arraunlariak; 15:30ak aldera. Jatetxeak itxiak zeudenez, otarteko bat bazkaldu zuten, baina gauean, ongi afaltzeko tartea hartu zuten, mariskada eta guzti.
Datorren udarari begira, onena hondartzara joatea izango dela erabaki du Sardonek. «Denboraldiaren ostean bizikleta gainean hamar egun egitea, ez dakit onena izan den gorputzarentzako».



