Surfa, abentura eta misterioa Donostian
Alex Ezkurdia zuzendari legorretarra ‘Tres-60’ filmatzen ari da hirian; Luis Berdejo donostiarrak idatzi du gidoia
Surf munduan girotutako thriller bat filmatzen ari dira Donostian. Luis Berdejo zinemagile donostiarrak idatzi du gidoia; eta Alex Ezkurdia ari da zuzendari lanetan. Surflari gazte bat da film honetako protagonista. Argazki karrete zahar bat aurkituko du uretan. Hura errebelatzean aurpegi misteriotsu bat topatuko du, eta istorioa korapilatzen hasiko da.
Zurriola hondartzan filmatu dituzte surf eszena guztiak. Aritz Aranburu surflari zarauztarrak ere parte hartu du eszena horietan. Miramar jauregian, Artelekun, Antiguo Berri zinema aretoetan… Hiriko hainbat txokotan izan dira. Azken astean Aiete jauregian izan dira, eta bertan elkartu dira argazkilari eta kazetariekin, filmatze lanen berri emateko.