Illunbeko auziaren epaia "bidegabea" dela uste du udal gobernuak eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko du
Epaiaren arabera Udalak Nuevo Desarrollo Anoeta enpresari zortzi milioi euro ordaindu beharko dizkio, aurretik hitzartutako 21 milioi euroko konpentsazioaz aparte
Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Illunbe auziaren harira babes helegite bat aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean. Izan ere, joan den martxoan Justizia Auzitegi Nagusiak epaia eman zuen: Udalak Nuevo Desarrollo Anoetari gehienez zortzi milioi euro ordaindu beharko dizkio; hitzartutako 21 milioi euroko konpentsazioaz aparte. Epaiaren arabera, Nuevo Desarrollo Anoetak Illunbeko irregulartasun administratiboen ondorioz enpresa batzuri kalte ordaina eman behar izan zien. Izan ere, enpresa horiek Illumben zituzten alokairuak bertan behera geratu ziren.
Udal taldeak jakinarazi du azkenera arte agortuko duela bide judiziala. Epaia “bidegabea” dela uste du, eta horregatik erabaki du babes helegitea. Donostiako Udalak Nuevo Desarrollo Anoetari esleitu zion Illumberen eraikuntza eta kudeaketa, baina auzitegiek ebatzi zuten esleipen hori ez zela legezkoa izan, hortaz, udalak bere gain hartu behar izan zuen kudeaketa. Auzipean dauden bi aldeek 21 milioi euroko kalte ordainketa hitzartu zuten. Aste honetan bertan auzitegiek arrazoi eman diote udalari bere momentuan emandako epaia berretsiz; horren arabera, Nuevo Desarrollo Anoetak 1,28 milioi euro ordaindu beharko ditu ICIO eraikuntza zerga dela eta.