«Adin hoberena orain daukazuna da»
Tximeleta taldea 1994. urtean sortu zuten. Gimnasia erritmikoa bakarrik erakusten zuten hasiera hartan, baina erabiltzaileak gero eta jarduera gehiago eta ugariagoak eskatzen hasi ziren, eta behar horietara egokitu dira. Tximeleta taldeak 2009. urtean hartu zuen egungo egitura. Pixkanaka gizarteko hainbat arlotara zabaldu eta egokitu dira. Kirolaz gain, aisialdiarekin lotutako hainbat jolas-jarduera ere lantzen dituzte: dantza, judoa, antzerkia, padela, gimnasia erritmikoa…
Naiara Molina formakuntzaren eta ikastaroen arduradunaren esanetan, «haur jaio berrietatik hasi eta zahartzaroraino, pertsona guztiak izan daitezke gure bezero. Gure lemak ederki erakusten duen moduan, adinik hoberena orain daukazuna da».
Tximeletak ez du lehiakortasunarekin lotutako jarduerarik eskaintzen; guztiak dira ongizatearekin lotutako ekimenak, bai ongizate fisikoa eta baita emozionala ere. Gainera, Tximeleta taldeak argi du ariketa fisikoa egiteak edo taldekako jolasek asko laguntzen dutela norbanakoaren ongizatean, eta alor desberdinetara zabaltzen saiatzen dira ideia hori. Ikastaroak ematen dituzte, gurasoentzako adibidez. Eta Gipuzkoan lehenak dira enpresetan ongizatea lortzeko lanean ari direnak. Langileen arteko harremana nola sendotu, lanpostuan gorputz jarrera egokiak edukitzen erakutsi, edo taldean lan egiten erakusten dute adibidez, pilates edo bestelako estiramentu saioen bidez edo jolas aktibo batzuen bitartez.