Raimundo Sarriegiren pieza bat berreskuratuko dute, heldu eta haurrek San Sebastian egunean jo dezaten
1813ko gertakarien bigarren mendeurrenaren inguruan udalak egingo duen ekimenetako bat izango da
Udal Gobernuak 1813ko gertakarien bigarren mendeurrena oroitzeko antolatzen ari den ekitaldien inguruko informazioa eman dio gaur Batzorde Ez Iraunkorrari, eta horiek lehenbailehen abian jartzeko adostasuna lortu du.
Batetik, batzordean ordezkatuta dauden talde politiko guztiek gertakarien inguruko bi dokumental egiteko laguntza ematea adostu dute, baita Urgulleko Historiaren Etxea museoan erakusketa iraunkor bat egiteko ere. Horrez gain, datorren urteko danborradarako, Raimundo Sarriegi konpositorearen pieza bat berreskuratzea bultzatuko dute, heldu eta haurrek jo dezaten, ohitura bihurtu diren piezekin batera. Hain zuzen ere, Danborrada egunekoa izango da 2013ko lehenengo ekimen garrantzitsua.
Aurreko bileran, bigarren mendeurrenaren ekitaldien aurrekontu muga gehienez ere 1 milioi eurokoa izatea adostu zuten udal taldeek. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek nabarmendu du, ordea, udalak beste erakunde publiko eta pribatu batzuen laguntza bilatuko duela, eta gastuak neurtuko dituela, “donostiarrei zama handia eragin ez diezaien”.