Zurutuzak ezin izango du hil honetan partidarik jokatu
Atletiko Madril eta Valladoliden aurkako partidetan ez du jokatuko
David Zurutuza Realeko erdilariak ezingo du hilabetean jokatu, Sevillan, Betisen aurkako partidan min hartu ondoren. Eskuin orkatilean bihurritu gogorra izan zuen, baina zorionez, ez da lesio bortitza. Gaur goizean egin diote mediku azterketa, Donostia Ospitalean. Ez dauka hausturarik, eskuin orkatilean bigarren graduko bihurritua baizik.
Realeko medikuen iragarpenik baikorrenak bete dira; ez du-eta inolako hautsirik. Izan ere, iraupen luzeko lesio batez hitz egin zen Sevillatik bueltan.
Urte gogorra izan du Zurutuzak. Urte hasieran, burukada bortitz baten ondorioz sudurreko hezur guztiak hautsi zizkioten. Denboraldi aurrean kolpearen ondorioak sufritu behar izan zituen, orduan galdutako odol guztiak anemia bat eragin zion-eta.
Zurutuza falta gehien jaso dituen jokalaria da, Zeltako Iago Aspas eta Bartzelonako Leo Messiren ondoren. Bi horiek baino hiru partida gutxiago jokatuta, gainera.
Ondorengo bi partidak ez ditu jokatuko Zurutuzak. Atletiko Madril eta Valladoliden aurkako partidetan ez da izango erdilaria. Azaroko lehen asteburuan berragertuko litzateke etxean Espanyolen aurkako partidan.