Zurriola ikastolako sortzaileak pozik bildu dira ikasleekin. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Zurriola ikastolan egun berezia izan dute. 45. ikasturtea ospatu dute eta horretarako Zurriola ikastolaren hainbat sortzaileren bisita izan dute.
Kontxita Beitia da sortzaile horietako bat. Etxeko andereñoa zen bera. Lehenengo Pasaian eta Donostian gero, etxean eta euskaraz irakasten zuen berak. Gogoan du, 1965. urtean hasi zela Donostian eskolak ematen. Kontxita Beitiaren esanetan, «Katalunia plazara joaten nintzen nire bi umeekin. Haurrei euskaraz egiten zien gurasoak bilatzen nituen eta haiei luzatzen nien euskaraz ikasteko proposamena. Hamar umeko taldetxo bat biltzea lortu nuen».
Kontxita Beitiak kaxa eman dio Josebe Muguruzari. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Zailtasun handiekin eta gogor lan eginez, 1968ko urriaren 9an eskolak ematen hasi ziren 60 haurrekin. Garai haiek gogoratu nahi izan dituzte gaur, eta etorkizunean ere euskarazko irakaskuntzak aurrera egitea espero dute. Ekimen berezia egin dute Zurriola ikastolan. Ikastolako haurrek aurreskua eta abesti bat eskaini diete euren izaeraren oinarri izan den sortzaile taldeari. Kontxita Beitia eta bere lankideek, berriz, eguneko Berria, Irutxuloko Hitza eta eurek sinatutako agiri bat sartu dute kaxa batean eta Josebe Muguruzari, gaur egungo zuzendariari, eman diote. Etorkizun hurbil batean Zurriola ikastolak izango duen eraikin berriko lehen harri izatea nahi dute