Bihar Amara Berriko jaiak hasiko dira
Ostiral arratsaldean piztuko da festa, txupinazoarekin
Amara Berrin jaiak hasiko dira bihar arratsaldean. Haurrei eskainitako eguna izango da biharkoa. Olaeta plazan haur jolasak eta txokolatada egingo dituzte 17:00etan. Eta ondoren, buruhandiak. Ostiralean, berriz, txupinazo eguna izango da. Txupinazoa piztuko dute 17:00etan, eta auzotar guztiak festan parte hartzera animatuko dituzte. Kaxianoren Alabak erromerian joango dira auzoan zehar. Eta 19:00etan bizikleta hartu eta “poteoan” joateko ordua iritsiko zaie amaratarrei; 3. Bizikleta Poteoa egingo dute-eta. Gauean, kontzertuak izango dira. Sobieth eta Besteik’Pe igoko dira taula gainera.
Larunbatean kuadrillen txanda izango da. Goizean goizetik hasiko dira lanean auzoko gazteak. Paella lehiaketa prestatuko dute 11:00etan. Haurrentzako marrazki lehiaketa bat ere egingo dute 11:30ean. Bazkalorduan, Alaia Martin eta Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiak murgilduko dira festan. Olaeta plazan bertso bazkaria egingo dute. Arratsaldean berriz ere lanean hasiko dira kuadrillak. Odonpiadak egingo dituzte-eta 17:00etan. Ondoren, Groseko Elektrotxaranga iritsiko da Amara Berriko festak girotzera. Gauean Dantza Kanta Festa! egingo dute, eta bi zuzeneko izango dira ikusgai, Margot eta 3 Gabe 2 taldeena.
Igandean bukatuko dira jaiak. Toka lehiaketa (13:30) batekin ekingo diote egunari. Ondoren, bazkari herrikoia prestatuko dute Olaeta plazan. Arratsaldean, 17:00etan, musean jokatzeko ordua iritsiko da. Jaiak bukatu baino lehen jokatuko dute partida. Izan ere, 19:00etan esango diete agur jaiei, Gaixoa ni-rekin.