'Irakurri baino lehen irakurtzen'
Parte Zaharrean, Haur Liburutegi Nagusian egiten dute ‘Irakurri baino lehen irakurtzen’ ekimena. 0-3 urte bitarteko txikiak dira protagonista. Ordu betez euskaraz, gazteleraz eta ingelesez irakurri, abestu eta jolasten dira. Ez dute beraiek irakurtzen noski, baina adi-adi entzuten dute narratzailearen hitza. Doinuaren arabera berehala jakiten dute noiz barre egin, noiz egin txalo edo noiz geratu isil-isilik.
Ana Molina da Irakurri baino lehen irakurtzen ekimenaren gidarietako bat. Jatorriz mexikarra da baina urte asko daramatza Donostian. Ama izan zenean ohartu zen ez zegoela 0-3 urte bitarteko txikientzako aukerarik. Haur-eskola edo haurtzaindegira joaten ez ziren haurrek ez zuten beste alternatibarik. Asko bidaiatutakoa da Ana Molina, eta beste herrialde batzuetan ezagutu zuen ideia zabaldu zuen Donostian ere.
Asteazkenero elkartzen dira, eta bolondres moduan aritzen dira guztiak lanean. Hiru hizkuntzatan jorratzen dira ipuin eta abestiak. Ana Molinaren arabera, «ekimen hau oso garrantzitsua da umeek literatura ezagutzeko, baina baita gurasoak elkartzeko ere».