Zorroagako Neguko Aterpea. (Argazkia: Donostiako Udala)
Zorroagako zentroak Gaueko Aterpea izena hartuko du, eta 32 loleku izango ditu
Orain arte etxerik ez duten eta kalean lo egiten duten pertsonentzako aterpea bost hilabetez egoten zen irekita (azaroa eta apirila artean), eta hemendik aurrera, urte osoan egongo da eskura (udaran hilabete izan ezik). Zorroagako zentroak gainera izena ere aldatuko du: Gaueko Aterpea izena hartuko du.
Lolekuei dagokionez 32 izango dira eta aterpea 20:00tan zabalduko da, goizeko 9:00ak arte. Bertan afaririk ez, baina edari beroak eskainiko zaizkie eta baita gosaria ere. Besteak beste dutxatzeko aukera izango dute.
Lolekua lortzeko tiketen banaketari dagokionez, iriszpideak zehaztu dira. Batetik, udalerrian errotuta dauden ikusiko da, bestetik, emakume izateari garrantzia emango diote, eta azkenik adina zein osasunari erreparatuko diote.
Iaz 6.240 gaualdi
Iazko datuak ikusita, eskaera gero eta handiagoa zenez, behar horri erantzuteko asmoz zabaldu dute zerbitzua, Jon Albizu Gizarte Ongintzako zinegotziak azaldu duenez. Zehazki, 6.240 gaualdi izan ziren eta bataz beste lagun bakoitzak 41 gau egin zituen bertan, Negukon.