Pilar Egunarekin lehertuko dira aurten ere Martuteneko jaiak
Txupina botako dute gaur arratsaldean, eta igandera arte lehiaketak, musika eta jai giroa nagusituko dira auzoan
Jaietako giroa nabaritzen hasiko da gaur arratsaldeko lehen ordutik Martutenen. Izan ere, 19:30ean auzoko jaiei hasiera emango dien txupina botako dute, baina, horren aurretik, giza futbolina, umeentzako tailerrak eta txokolate jana antolatu dituzte. Txupinaren ostean, lau eguneko jaiak izango dituzte auzotarrek, euren gozamenerako. Aurten ere, kontzertu indartsuak antolatu dituzte, baina, urtero legez, biharko Pilar Eguna izango da egunik indartsuena.
Gaurko txupinaren ostean, ardo eta pintxo lehiaketa, kalejira, kantu jira, eta zezensuzkoa izango dira. Gainera, gauean, Vendetta ska talde nafarrak eta Afu taldea zuzenean ariko dira, parranda giroa jarriz.
Pilar Eguna ospakizun garaia izaten da Martuteneko bizilagunentzat, baina inguruko auzoetako eta herrietako jende asko ere erakartzen du. Bihar izango da urriaren 12a, eta herri krosak emango dio hasiera egunari, 10:00etan. Ondoren, 11:00etan, hildako auzotarren aldeko meza egingo dute, Pilar Ama Birjinaren irudiaren aurrean. Festa handia, ordea, 11:30ean lehertuko da, Arantzazuko Ama ikatolaren jolastokian: Gipuzkoako aizkolari txapelketa, elkarteen arteko bakailao lehiaketa, Sagardo jaia, auzoko baserritarren produktuen azoka… sargardo edalontzia esku batean eta taloa bestean ibiliko dira bertaratutako gehienak. Arratsaldean, helduek indarrak berritzeko aukera izango dute, haurrentzako Potxin eta Patxin pailazoen ikuskizuna izango baita, 18:00etan. Musika ere ez da faltako eta Zo-zongo batukada eta Egan izango dira protagonistak.
Asteburuan, oraindik gehiago
Nola ez, larunbatean eta igandean ere zertaz gozatu izango dute haur, gazte eta helduek. Puzgarriak, erretiratuentzako hamaiketakoa, herri poteoa, buruhandien topaketa, herri bazkaria… ez da ezer faltako larunbatean. Arratsaldean, lehen trainerilla txapelketa egingo dute, auzotarren artean, Txapel Aundi elkartearen inguruan. Gauean, berriro ere, musika; Zo-zongo eta AZ/DZ.
Jaien azken eguna izango da igandea, baina ez horregatik makalena. Haurrak pozik izango dira, gaztelu puzgarriekin, Gorritiren animaliekin… helduentzako mus txapelketa eta kale antzerkia egongo dira, eta auzoko Ibaiertz abesbatzak kontzertua eskainiko du, Josu Elberdinen zuzendaritzapean. Jaiei bukaera emateko, zezensuzkoa eta traka izango dira.
Amara Berriko bizilagunak ere gaur murgilduko dira jaietan: Amara Berriko jaiak gaur abiatuko dira, eta lau eguneko iraupena izango dute. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurreko urteetan arazoak izan dituzten arren baimenak direla eta ez direla, aurten guztia kontrolpean omen dute. Jaiei hasiera emango dien txupina bihar botako dute, baina Umeen Eguna ospatuko dute gaur. Olaeta plaza izango da gunea, eta bertan, txokolate jana, jolasak eta buruhandiak izango dituzte. Jaiei hasiera ofiziala emateko, bihar arratsaldean txupina botako dute, eta ondoren, erromeria izango da Kaxianoren alabak taldearekin. Bizikleta poteoa ere egingo dute, eta gauean, Sobieth eta Besteik’pe taldeen kontzertuak. Egitarau beteena larunbatak izango du; diana buruhandiekin, paella lehiaketa, marrazki lehiaketa, bertso bazkaria Alaia Martin eta Gaztelumendi anaiekin, kuadrillen arteko Odonpiadak, eta elektrotxaranga. Gauean, Margot eta 3 gabe 2 taldeen txanda izango da. Lasaia izango da igandea, toka lehiaketarekin, bazkariarekin eta mus txapelketarekin. Eta bukaera emateko, Gaixoa ni abestuko dute.


