PP eta PSE-EEko bi zinegotziri euskara ikastea galarazi izana ukatu du Txapartegik
Udaleko euskara eskolak albiste izan dira. Izan ere PPko bozeramaile Ramon Gomezek eta PSE-EEko zinegotzi Susana Chuecak udal gobernua kritikatu dute euskara klaseetatik kanpo utzi dituztelako. Nerea Txapartegi udaleko Euskara delegatuak bi zinegotziak euskara eskoletatik baztertu izana ukatu du; joan den ekainean talde politiko guztiekin adostutako araudia errespetatu duela adierazi du.
Araudi horretan euskara ikasteko hiru aukera jasotzen dira: batetik, hiriko euskaltegi sareak eskaintzen dituen aurrez aurreko ikastaroak; bestetik, online bidezko autoikasketa ikastaroak; eta, azkenik, aurrez aurreko ikastaroak Udaletxean bertan, betiere, gutxienez bost laguneko talde homogeneoa sortuz gero. Chueca eta Gomezen euskara mailarekin ez dute, ordea, taldea osatzea lortu. Maila bereko beste hiru pertsona beharko lituzkete.
Txapartegiren ustez, udal gobernuak “ez du inor euskara ikasteko aukerarik gabe utzi”. Argi adierazi du pertsona horiek beste aukera batzuk dituztela euskara ikasteko: “Ez zaio inori ezer ukatzen ari, euskaltegi sarean ematen diren aurrez aurreko ikastaroetan edo on line bidezko autoikaskuntza ikastaroetan eman dezakete izena”. Euskara delegatuaren hitzetan ezin dena onartu da udal gobernuak euskararekiko duen konpromiso irmoa zalantzan jartzea: “Gure lehentasunetako bat da eta egunero egunero uzten dugu hori agerian, hortaz, inor ez dadila etorri guri zentzu horretan ikasgaiak ematera”.
Udalak hartzen du bere gain ikastaro guzti hauen kostua, hortaz, donostiar guztien artean ordaintzen dira ikastaro horiek. 2012-2013 ikasturteko aurrekontua 11.460 eurokoa da. Nerea Txapartegi Euskara delegatuak adierazi du klase politikoaren pribilegioa dela hori, gainontzeko herritarrek ez duten pribilegioa, eta, hortaz, ez direla ulergarriak batzuren ahotan entzundako kritikak: “Udalak aukera ezberdinak eskaintzen ditu eta inori ez zaio ukatzen euskara ikasteko aukera, kontrakoa esatea egia ez esatea da”. Zinegotzi batzuek esandakoaren aurrean zehaztu du, pertsona horiek aurrez-aurreko ikastaroetan parte ez hartzearen arrazoi bakarra, arautegiak jasotzen duen bezala, euskara maila bereko bost laguneko taldea osatu ez izana dela.