Adin guztietako herritarrak biltzen ditu Donostia dantzan ekimenak Konstituzio plazan. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Hirian euskal kultura eta euskara bultzatzeko lan egiten du Bagerak, Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak. Bagerak antolatzen eta bultzatzen dituen ekimenen artean, Donostia dantzan dago. Urtean lau txandatan antolatzen dute Donostia dantzan, eta datorren larunbatean izango da hurrengoa. Finean, herritarrak dantzan jartzea du helburu; horretarako, udal txistularien bandak euskal tradizioko abestiak jotzen duen bitartean, Aitziber Aiesta eta Fernando Ruiz donostiarrak dinamizatzaile lanetan aritzen dira. “Plazan, garai batean egiten ziren erromeria horiek eguneratzen ditugu. Gauzak asko aldatu dira, baina euskal tradizioko musika erabilita jendea dantzan jartzen dugu”, adierazi dio Aiestak IRUTXULOKO HITZAri.