Etxera itzuli da Ignacio Zuloaga
Margolariaren bustoa bere izena daraman plazan jarri dute berriro; San Telmo Museoaren eraberritze lanengatik kendu zuen bertatik aurreko udal gobernuak.
Ignacio Zuloaga (Eibar, 1870-Madril, 1945) etxera itzuli da, hots, San Telmo Museoaren aurrealdera. Margolariaren bustoa bere izena daraman plazan dago berriro, atzoz geroztik, museoaren eta plazaren eraberritze lanengatik kendu behar izan baitzuen aurreko udal gobernuak. Eskultura, baina, beste leku batean dago orain. Izan ere, umeentzako jolastokia dagoen tokian zegoen lehen; orain, Union Artesanaren parean dagoen izkinan dago, zuhaitz baten itzalean, harrizko idulkia ordezkatu eta oroitarriaren hitzak zizelkatu eta gero. Horrenbestez, sasoi betean bueltatu da, herritar eta turisten gozamenerako.
Hain zuzen ere, egungo idulkia gris koloreko kareharri monolitikoa da, eta bertan formazio aroak antzeman daitezke; kareharrizko maskor fosilak, kareharrizko kristal zatiak eta mikrobeta partikulak ikus daitezke. Harriak grafia berri bat du eta bertan honakoa irakur daiteke: Ignacio Zuloaga 1870-1945, hots, margolaria jaio eta hil egin zen datak.
Julio Beobide zumaiarrak egin zuen eskultura 1938. urtean. Zuloaga plaza eraikitzeari ekin ziotenean, eskultorearen sendiak udalari eskaini zion artelana. Orduko agintariek 1992. urteko azaroaren 24an onartu zuten hura erostea, Gobernu Batzordean. Eskultura 1993. urtean inauguratu zuten.
Beobide Zuloagaren laguna zen, eta horregatik San Telmo Museoaren kanpoaldekoa ez zen izan eskaini zion oroigarri bakarra. Bilboko Arte Ederretako Museoaren atarian beste bat ikus daiteke; 1945. urtean eginda, kasu honetan. Zuloagak ere eskultura bat du Eibarren, bere jaioterrian, San Andres elizaren ondoko plazan. Karlos Elgezuak egin zuen honakoa, eta 1951. urtean inauguratu zuten.
Elkanoren irudia
Ignacio Zuloagaren hainbat margolani eman die ostatu Donostiak, ikusgai egoteko; San Telmo Museoan gehienetan. Hala ere, margolari eibartarraren lan esanguratsuenetako bat Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian dago; Joan Sebastian Elkanoren irudi bat da, Getariako itsasbazterra atzean dagoela. 1922. urtean bukatu zuen lan hura.
Olioa urte eta erdiz izan zuen bere egoitzan Ontzi Museoak, Andres Urdaneta itsasgizonari buruzko erakusketa egin zuenean. Jauregian kopia bat jarri behar izan zuten hutsunea betetzeko.


