Richard Oribe, udaleko zinegotziekin. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalak harrera egin dio Richard Oribe igerilariari, Londresko Paralinpiar Jokoetan lortutako emaitza onengatik,eta orohar, kirol ibilbide apartarengatik zorionak emateko. Juan Karlos Izagirre alkateaz gain, udal talde politiko guztietako zinegotziak izan dira harreran.
1992. urtetik hona, sei Paralinpiar Jokotan parte hartu du. Horietan, urrezko 8 domina, zilarrezko 6 eta brontzezko 2 lortu ditu. Azkenak, zilarrezko eta brontzezko beste bat, aurtengo Londresko jokoetan. Gainera, nazioarteko beste txapelketa askotan ere lehiatu da, eta horietan ere dozenaka domina lortzeaz gain, hainbat marka hautsi ditu. Igeriketa bere kirol kutunena da, eta gogor entrenatzen du egunero. Hala ere, beste kirol batzuk ere egiten ditu, adibidez: atletismoa, txirrindularitza eta futbola.
Oribek, berriz, Udalak egindako harrera eskertu, eta indar handia ematen diola esan du: “Kirol maila honetan, asko bidaiatu behar da, entrenamendu gogorrak egin eta komunikabideek askotan ez dute behar bezala islatzen domina bat lortzen dugunean. Horregatik, herritarren babesa jasotzea eta horrelako ekitaldiak egitea, Udaleko agintari nagusia eta udalbatza osoa bertan daudela, asko eskertzen ditut”, adierazi du. Ekitaldira Londresen irabazitako bi dominak ekarri ditu. Alkateak plaka bat eman dio Richard Oriberi, bere ibilbidearen aitorpen gisa.
Alkatea, Oriberekin, udalak egindako harreran. (Argazkia: Donostiako Udala)