Sentimenduak sortuz
Santi Bosch artista oso sentibera da; izaera hori lan guztietan islatzen du.
Santi Bosch (Donostia, 1963) buru belarri lanean harrapatu dugu Amarako Amezketa kaleko 10. zenbakian duen tailerrean. Ez du ordutegirik, ez du gidoirik, berezko etorriari eta senari jarraituz sortzen du.
Txiki-txikitatik dago artearekin lotua. Eskolan matematika ikasten baino denbora gehiago pasatzen zuen bere ikaskideak margotzen. Heziketa bortitza jasan behar izan zuen, eta bihurri samarra izatera kondenatu zutela onartzen du irrifarrez.
Sormena landuz
Berezko trebetasunari forma ematen ikasi zuen pixkanaka. Debako arte eskolan brontzearekin lanean ikasi zuen. Buenos Airesen ere bi urtez aritu zen Leo Vinci deituriko artista ezagunaren itzalean. «Kasualitatez ezagutu nuen Leo Vinciren lana. Nire estiloarekin bat egiten zuela ohartu nintzen berehala, eta lotsarik gabe, bere tailerrean sartu nintzen. Berehala proposatu zidan berarekin ikasteko, eta ez nuen aukerarik galdu, noski. Hemengo artistak itxiagoak dira, berentzako gordetzen dute dakitena, eta ez zaie gustatzen ni bezalako jendeari erakustea. Baina, zorionez, Argentina, Kuba eta beste hainbat lekutan ibiltzeko aukera izan dut, eta nire estilo propioa lantzen ikasi dut», dio Santi Boschek. Hala ere, oso zorrotza da bere buruarekin, eta erabat gauza berriak probatzen, asmatzen jarduten du.
Edozer gauzak piztu dezake bere etorria, baina gehienetan naturako elementuak izan ohi dira: hostoen formak, zuhaitzen adarrak, sustraiak, harriak… Santi Boschen esanetan, «naturako elementuez gain, nire subkontzienteak esaten dit zer egin».
Arazoak arte bihurtuta
Altzariak berritzen zituen Santi Boschek, eskiatzen hanka apurtu zuen arte. Ez zen gauza bere lanarekin jarraitzeko, baina artera bueltatzeko aukera eman zion istripuak. Barneko sormena bizitzan izan dituen hainbat pasartek ere pizten diote. Hamalau urte besterik ez zituen aita galdu zuenean, eta heriotza present dago bere lanetan. Baita soinua, isiltasuna, zaratak…entzumenarekin loturiko guztia ere. «Belarri bateko entzumena galdu nuen eta zaratek bete zuten nire bizia, baina zarata horiekin bizitzen ikasi dut».
Boligrafoz eginiko grabatuak, diseinua, pintura, material ezberdinetako eskulturak, tatuajeak…alor ugari lantzen ditu Boschek, baina eskultura da gehien gustatzen zaiona. «Ukimena lantzea oso aberasgarria da, egiten dudana sentitu egiten dut», dio Santi Boschek. Horregatik kostatzen zaio bere lanak saltzea. Bere esanetan, «nire zatitxo bat galtzearen modukoa da gogoko dudan lan bat saltzea». Gainera krisi garai hau etengabe sortzeko eta bere burua ezagutarazteko unea dela uste du. Horretantxe utzi dugu, irifarra ahoan, bere etorriari forma ematen.



