Donostia beldurturik egongo da astebetez
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXIII. Astea iristear da; urriaren 27tik azaroaren 2ra gauzatuko baitute datorren ekitaldia. Gaur bertan egin dute aurkezpen ofiziala Beldurrezko Astearen arduradun nagusiek, eta hirian irudi eta gertakizun ahaztezinak ikusteko aukera egongo dela esan dute. Dagoeneko egitarau guztia kontsulta daiteke Interneten; hala ere, aste osorako sarrerak lortu nahi dituenak adi ibili beharko du, Antzoki Zaharreko leihatila bihar arratsaldean irekiko duten arren, dagoeneko jendea ilara egiten ari baita.
Aurtengo ekitaldiak bereziki kutsu europarra izango duela azpimarratu du Nerea Txapartegi udaleko Kultur ordezkariak. Guztira, 22 film luze proiektatuko dituzte Sail Ofizialean, eta horietatik 19k lehiaketan parte hartuko dute. Film laburrei dagokienean, berrriz, 17 film ariko dira nor baino nor, horietako 13 Europarrak. Gainera, Euskal Herrian ekoitzitako lanak ikusteko aukera ere izango da, baita jatorrizko bertsioak euskarazko azpidatziekin gozatzeko aukera ere. Viktoria Eugenia, Antzoki Zaharra eta Okendo kultur etxea izango dira Beldurrezko Astearen gune nagusiak, toki horietan proiektatuko dituztelako filmak.
Bestetik, erakusketak ere ez dira faltako. Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan, Jostailu Denda izeneko erakusketa jarriko dute, eta Santiago Lorenzoren lanak izango dira bertan ikusgai. Okendo kultur etxean, berriz, Banpiroen erregea erakusketa jarriko dute, Luis Gascaren lanekin. Principe zineman, Euskadi Fantastikoa VIII: Santiago Valenzuela izango da; eta bukatzeko, Fnac-en, Melefic time-Apocalypse erakusketa jarriko dute, Luis Royoren lanekin.



