Kontratu publikoetan klausula sozialak aplikatuko ditu udalak
Enpresei jarraibideak nola ezarriko diren argitzeko, gida eta aplikazio informatiko bat egingo ditu
Kontratu publikoetan enpresek bete beharreko klausula sozialen jarraibideak aurkeztu zituen atzo udal gobernuak.
Duela aste batzuk erabaki zuten erosketa zein kontratazio publiko guztietan klausula sozialak aplikatuko direla. Horren harira aurkeztu zituzten klausula sozialaren jarraibide horiek zein izango diren. Oraingoz, zirriborro bat dute esku artean, eta espero dute gainontzeko udal taldeek ontzat eman eta lehenbailehen tokiko gobernuak zirriborroa onartu eta urte amaierarako abian jartzea.
Klausula hauen helburua Donostiako Udalak eta haren menpeko erakundeek egiten dituzten erosketa zein kontratazioak sozialki arduratsuak izatea da; «langileen baldintzak hobetuz gero, zerbitzu, obra edo produktuaren kalitatea ere hobetuko da», adierazi zuen Jabi Vitoria Ondareko ordezkariak.
Eskubideak hizpide
Zehaztu diren klausulen artean, oinarrizko eskubide batzuk bermatu nahi dira. Horretarako, langileen eskubideak bermatuko dira, diskriminazioak eragotzi, berdintasuna sustatu, hizkuntza betebeharrak zaindu eta ingurumena babestuko dira.
Enpresei, bestalde, irizpide hauek gida batean zein aplikazio informatiko baten bidez emango zaizkie.
Klausula hauek aplikatzerako orduan, lehentasunak kontratazioa egingo duen sail bakoitzak finkatuko ditu eta baldintzak betetzen diren jakiteko ikuskapenak ere aurreikusten dira. Bete ezean, kontratua bertan behera utzi ahal izango da edo aurrekontuaren %10eko penalizazioa.


