"Kultur etxea da Loiolaren hauspoa"
Hogeita bost urte bete ditu Loiolako kultur etxeak; hainbat ekimen prestatu dituzte urtemuga ospatzeko.
Loiolako kultur etxeak hogeita bost urte bete ditu, baina pixka bat atzerago begiratu behar da eraikinaren jatorria ezagutzeko; 1923ra hain zuzen ere. Izan ere, orain kultur etxea dena auzoko garbitegia zen lehen. Hantxe biltzen ziren Loiolako emakumeak hitz eta pitz arropak garbitzera. Baina, 1987. urtean garbitegi zaharra kultur etxe bilakatu zuten.
Oso denbora tarte txikian Donostiako lehen lau kultur etxeak sortu zituzten. Altzako Casares kultur etxea izan zen lehena, eta handik urte betera, Okendo kultur etxea Grosen, Larrotxene Intxaurrondon eta Loiolako kultur etxea. Dudarik gabe, kultur etxeen sareak bultzada indartsua eman zizkion hiriko aisialdi eta kultur zerbitzuei. Jon Urbieta, Loiola kultur etxeko zuzendariaren esanetan, «gune bateratu baten beharra nabaria zen gizartean, auzo elkarteek indar handia zuten, lan asko egiten zuten, baina elkarte bakoitza bere kasa aritzen zen. Kultur etxea guztientzako euskarri bihurtu zen. Eta gaur egun ere kultur etxea da Loiolako hauspoa. Dena den, ez genuke 25. urteurrena ospatuko bizilagunen babesa, laguntza eta lanik gabe».
Herritarrek sortua
Loiola kultur etxea herritarrentzat sortua eta herritarrek indartua izan dela esan daiteke. Joxemi Aierbe da lan horretan dabilen loiolatar bat, adibidez. Duela gutxi hil zen Joxe Aierberen semea, aitaren pausoei jarraituz agian, biak aritu dira auzoko kultur-saltsa guztietan lanean. Joxemi Aierberen esanetan, «hogeita bost urtean lan asko egin da, baina kultura eguneroko bizitzarekin lotu behar da, ez aldikako ekimenekin bakarrik. Egunero egin behar da kulturaren alde lan. Duela hogeita bost urte ereindako hazitik landaretxo bat hazi da, baina landaretxo hori zaindu eta elikatu egin behar da».
Iñaki Miguel, Loiolako musikariak, berriz, auzokideen bilgunetzat du kultur etxea; «adin eta gustu guztietako jendea biltzeko gai izan da gure kultur etxea. Txikia da, baina Loiola ere herri txiki baten modukoa da, eta Loiolako familia biltzeko nahikoa da», dio Iñaki Miguelek.
Txikitasun horretxek ematen dio agian xarma berezia kultur etxeari. Denek ezagutzen dute elkar eta kultur etxeko teknikariekin harreman zuzena dute herritarrek. Joxemi Aierbek gogoan du elizaren azpian auzoko elkarte bakoitzak bere lokala zuen garaia. Orain denak elkartzen dira kultur etxean.
Hogeita bost urteren ondoren, bidean geldialdi bat egiteko unea da hau. Atzera begiratu eta lagundu dien guztiei eskerrak eman, urteurrena ospatu, eta indar berriturik aurrera jarraitzeko unea.



