Kutxabankek ez duela Babes Ofizialeko Etxerik finantzatuko salatu du Bilduk
Alokairuzko babes ofizialeko 48 etxebizitza eraikitzeko konpromisoa hautsi du Kutxabankek, Juan Karlos Izagirrek salatu duenez
Kutxak 2006 urtean, Etxegiko zonan, Berion, 96 alokairuzko etxe egiteko konpromisoa sinatu zuen Donostiako Udalarekin. Horietatik alokairuzko 48 etxebizitza tasatuak izatea adostu zen eta beste 48ak babes ofizialekoak.
Juan Karlos alkateak eta Etxebizitzako eta Hirigintzako zinegotzi, Ricardo Burutaranek emandako prentsaurrekoan, azken asteetan izandako goraberak azaldu eta salatu dituzte.
Pausoz pauso
Izagirrek azaldu duenez, Kutxabankek bilera deitu zuen Udalarekin, babes ofizialekoak izango ziren 48 etxebizitza horiek tasatu eta jabetzan jartzeko eskatzeko, horrela 96 etxebizitzak alokairuan bai baina Kutxabanken jabegoa izango lirateke. Argumentu gisa, higiezinen enpresa batekin egindako akordioa azaldu zutela adierazi du alkateak.
Udalak hiru erantzun eman zizkiola adierazi dute. Batetik, babes ofizialeko etxebizitzekin hartutako konpromisoa gogorarazi ziotela esan dute, bestetik, ez dutela finantza edo higiezin enpresen presioaren aurrean erantzungo eta azkenik, espero zutela Kutxabankek hiriarekiko zuen konpromisoa ez aldatzea.
Beste eskaintza egin zien Kutxabankek, ea udal gobernua prest zegoen 48 etxebizitza horiek eraikitzeko, eta udalak baiezkoa esan zuela adierazi du, baina baldintza batzuekin; finantzazioa Kutxabanken esku geratzea, ohiko mailegu formula erabilita. Hasiera batean, finantzaketa 6,5 milioikoa bazen ere, udal teknikariak lanean jarri eta beste diru laguntzak lortu ostean 4,2 milioitan kalkulatu zuten mailegua.
Alkateak adierazi duenez, hori eta gero Kutxabanken azken erantzuna ezezkoa izan zen; “Kutxabankek hiri honetan ez duela inongo asmorik etxebizitza finantzatzeko” esan zuen Izagirrek.
Azkenik salatu nahi izan dute, Kutxabankek Bildu baztertzen duela. Ez duela kontutan hartzen, Gipuzkoan ordezkaritza gehiena badu ere. Administrazio Kontseiluan ez dutela parte hartzen, eta Kutxabanken sorrerari babesa eman bazion Bilduk, Gizarte Ekintza hobetuko zuela esan zuelako izan zela, adierazi du alkateak.


