Lan txukuna osatu du Txuri Berrik Europako Curling Txapelketan
Zazpi partidetatik hiru irabazi ditu; «izugarria izan da eta ezustekoa eman dugu», dio Mikel Unanue taldekideak
Emaitza polita lortu du Txuri Berri Cafes Aitona taldeak Europako Curling Txapelketa Mistoan. Espainia ordezkatu du hilabete honetan Turkian jokatutako lehian, beste 24 herrialderekin batera. Iñaki Lasuen, Mikel Unanue eta Leire eta Oihane Otaegi ahizpak dira taldekideak, beraiek izan baitziren Espainiako Txapelketako garaileak. «Izugarria izan da eta ezustekoa eman dugu», adierazi dio Unanue berak Irutxuloko Hitzari. Azken batean, «egindako lanarekin oso oso pozik» geratu dira.
Zehazki, jokatutako zazpi partidetatik hiru irabazi zituzten. «Daukagun mailarekin eta aurkariak ikusita, partida bat irabazita pozik egon beharko ginateke. Hiru irabazi ditugu eta ozta-ozta ez ditugu beste bi irabazi, final laurdenetara iristeko».
Honako emaitzak lortu dituzte Txuri Berriko kideek Turkian, Espainia ordezkatuz: Hungaria – Espainia 8-4; Espainia – Kroazia 8-2; Espainia – Austria 5-4; Espainia – Finlandia 5-7; Espainia – Letonia 7-4; Espainia – Bielorrusia 1-4; eta Espainia – Alemania 6-7.


