Enrique Ramos: "Emaitzek Bilduri politikak aldatzeko aukera ematen die, edo aldatu behar lukete behintzat"
Botoa PSE-EEri eman dieten guztiak eskertu ditu Enrique Ramos PSE-EEko zinegotziak. Donostian ia 22.000 boto lortu izana modu oso baikorrean baloratu du udal taldeak. Argi dute, bestalde, Legebiltzarrerako Hauteskundeak ez direla PSE-EEren indargune izan, eta normaltzat ikusten dute EAJren garaipena.
Baina asko dutela hausnartzeko esan du Ramosek; lehenik eta behin parte hartzearen inguruan. Zinegotziaren ustetan, gazteen botoa galdu da batik bat eta hor lan handia egin behar da. Bilduri dagokionez, Ramosek argi du alderdi hau izan dela kaltetuena, eta, bere ustetan, urte eta erdi honetako politikan dago arrazoia; «emaitzek Bilduri politikak aldatzeko aukera ematen die, edo aldatu behar lukete behintzat», esan du Ramosek.