Gorka Maneiro: "Helburua lortu dugu; ahotsa mantentzea Legebiltzarrean"
Joseba Egibar, Bakartxo Tejeria, Kerman Orbegozo, Susana Corcuera… zenbait donostiar izango dira Gasteizen, parlamentari lanetan. Horien artean Gorka Maneiro egongo da berriro, UPyD alderdiko Arabako zerrendaburua. Maneiro bertan bizi den arren, donostiarra da. “Pozik gaude emaitzekin. Batek beti gehiago nahi izaten du, oso zaila izan arren, eta oztopo handiak genituelako aurrean. Hala ere, helburua lortu dugu; gure ahotsa mantentzea Legebiltzarrean”, adierazi du hauteskunde gauean.
UPyDk legebiltzarkide bat lortu du, aurreko hauteskundeetan bezala. Orain arte egindako lanari segida emango diotela aurreratu du Maneirok, “beldurrik eta konplexurik gabe, gure proposamenak defendatuz”.


