Markel Olanok Joseba Egibarren argazki hau jarri zuen tuit batean. EAJ garaipena ospatzen ari zen.
“Azkenean askatasunean bozkatu dezakegu! Guztiok elkarrekin bizi ahal izatea bermatuko duen bake eta Euskadi baten alde”. Odon Elorza alkate ohiak idatzi zuen Hauteskunde egunean lehen tuita. Ramon Gomez PPko bozeramailea izan zen bigarrena:” Hauteslekuak ireki dituzte! Goazen denok botoa ematera!”. Rafaela Romero PSEko batzarkideak ere bozketa hasia zela idatzi zuen goizeko bederatziak aldera. Amara Berri eskolan ahaldun gisa zegoela azaldu zuen. Egunean zehar parte-hartze datuak argitaratu zituen.
Txantxetan idatzitako tuit umoretsuagoak ere izan ziren. Ramon Gomezek eguraldi “ona” egiten zuela esan zuen. Hauteslekuz hautesleku ibili zen PPko bozeramailea eta bere argazki bat jarri zuen Twitterren, berokia bustita zuela. Usandizagan botoa ematen agertzen zen argazki bat ere jarri zuen: “Nik botoa eman dut. Espero dut zuek ere botoa ematea”.
Bere alderdikide Iñigo Arcauzek, berriz, Añorgako hauteslekuko giroaren inguruan idatzi zuen umoretsu: “Añorga Txikin, Amassorrain ikastolan; lasaitasuna eta Bildu nagusi. Hemen irabaziko al dugu? kar, kar, kar!”.
PPko Ramon Gomez.
Eta politikaria ez den beste tuitlari batek, gure kolaboratzaile Xabier Etxaniz Rojok, hautesleku batean ikusi eta entzundakoa kontatu zuen. Ezin zuen sinetsi gertatutakoa: “Goizeko 10’30ak. Lau katu bozkatzen. Bozkatzetik ateratzen, 35 urte inguruko batek niri: zer egin behar da bozkatzeko? #egiaberdaderoa”. Gutunazal bat hartu eta botoa sartu behar zela erantzun zion Etxaniz Rojok. Halere, pertsona hark galdera gehiago zituen idazlearentzat. Nortasun agiria beharrezkoa zen galdetu zion. Baietz esan eta aterantz jo zuen gure kolaboratzaileak. Azken galdera bat: “Eta Bildu bozkatzeko hau da ezta?” -EHBilduko papera eskutan-. Kamara ezkutua non zegoen galdezka atera zen.
Hauteskundeetako emaitzak argitzen joan ahala, EAJko kideek garaipenaren poza Twitterren ere plazaratu zuten. Eneko Goia zinegotziak “Gora Donostia eta gora Euskadi askatuta!”, bota zuen sare sozialean. Markel Olanok ere “Gora Euskadi Askatuta!!!” idatzi zuen, alderkideekin batera egindako irudi bat jarri eta gero. Argazki onena, ordea, beste bat izan zen. Ospakizunarena: “Egibar jo ta fuego. Kriston giroa”. Joseba Egibar akordeoiarekin garaipena ospatzen irudikatu zuen Olanok Twitterren.