Ilusioak landatzen diren baratzea
Baratze bitxi bat dago Amarako Amara Berri ikastetxean. Baratza txikia da, baina garrantzia handikoa. Izan ere, barazkiez gain, ilusioak, harremanak eta oinarrizko bizikidetza ohiturak landatzen dira baratze berezi honetan.
Ikastetxeko hainbat irakasle eta langilek parte hartu badute ere baratzearen proiektuan, hezkuntza premia bereziak dituzten hiru ikaslerekin lantzeko egitasmoa da. Ikasle hauek laguntza pixka bat gehiago behar dute eguneroko lanetan, eta eskolako orduak beraien beharretara moldatzen saiatu dira.
Lan horretan, izugarrizko laguntza ematen die baratzea zaintzearen ardurak. Belar txarrak atera, ureztatu, eta egunetik egunera beraiek landatutako landaretxoak nola hazten ari diren ikusteak ilusio handia egiten die.


