Morlans eta Kontxa arteko Euskotren trenbidea egiteko lanak esleitu dituzte
Irailean Lugaritz eta Kontxa arteko lurpeko trenbidea egiteko lanak esleitu zituen Eusko Jaurlaritzak. Oraingoan Kontxa eta Morlans arteko lanak esleitu dituzte. Joan den uztailean Eusko Jaurlaritzak plazaratu zuen 55,5 milioi euroko aurrekontua bideratuko zuela EuskoTreneko sarea Kontxa eta Morlans artean luzatzeko. Corsan Corviam, Altuna y Uria eta Cycasa y Murias enpresek hartuko dituzte hiriaren erdialdea zeharkatuko duen bide hau egiteko ardura. 49.961.398 euroko aurrekontua izango dute.
Trenbide zati berriak, Zaragoza plaza –La Perlaren instalakuntzaren ondoan– eta Morlans lotuko ditu. 1,9 kilometroko luzera izango duen bide bikoitzeko tunela da. Lur azpiko bi geltoki ere eraikiko dituzte. Bata, Kontxakoa, Manterola kalearen azpian jarriko dute, eta Zaragoza plazatik nahiz Urbieta kaletik sartu ahal izango da bertara. Bestea, berriz, Osasuna kalearen azpian egingo dute. Bertara sartzeko, Moraza eta Autonomia kalean sarrera bana egingo dute.