Juan Karlos Izagirre alkatea, gaur, udalbatzarrean (Argazkia: Nagore Koch).
EAJk eta PPk bat egin dute bigarren etxebizitza defendatzeko garaian; zergaren igoera saihestu dute.
Gaurko udalbatzarrean, tasei eta zergei buruzko eztabaidak gainontzeko gaiak bigarren maila batean utzi ditu. Zerga eztabaidatutakoen artean, ondasun higiezinen gainekoa egon da mahai gainean. Kasu honetan, zerga izoztea erabaki du udalbatzak, EAJ eta PPren aldeko botoekin, eta PSE-EE eta Bilduren absentzioarekin. Udal taldeen arteko kritikak nagusi izan dira bozketa egin aurretik. EAJko ordezkari Iñaki Gurrutxagak Josu Ruizentzat izan ditu hitzak, bigarren etxebizitzari zergak igotzeko Bilduren proposamenaren harira –beti ere hutsik egonez gero–: «Turismo arloko zinegotziak kanpotarrei esaten die ez direla ongi etorriak; Donostian bigarren etxebizitza bat izateak zigorra duela, alegia. Hirian dirua uzten dutenak zigortu nahi dituzue».
Izoztutako beste tasa bat zaborra biltzeko zerbitzuarena izan da. Kasu honetan, PSE-EE, PP eta EAJ ados jarri dira. EAJko bozeramaile Eneko Goiak bozketa aurretik aurreratu du jeltzaleen jarrera, udalbatzarra hasi berritan. «Nola babestuko dugu zaborren tasaren igoera ez badakigu zein den zuek ezarri nahi dezuten eredua?», galdetu die Bilduko ordezkariei.