Boluntarioak biltzeko Adams proiektua aurkeztu zaie erizaintzako ikasleei. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Adams boluntariotza proiektua aurkeztu dute EHUko Gipuzkoako eritzaintza fakultatean. Abendutik aurrera, erizaintza eta medikuntza ikasleek boluntarioki, ospitaleko haurren egonaldia arintzeko hainbat ekimen antolatuko dituzte: ipuin kontaketak, magia trikimailuak, eskulanak, denboraren makina, musika eta pailazoak.
Adams proiektua iaz jarri zuten abian Bizkaian. Kasu hartan, medikuntzako ikasleak Gurutzetako ospitaleko onkologia eremuan aritu ziren lanean, baina Donosian ospitaleko pediatria sail osora zabalduko da zerbitzua. Adrian Llorente (Zorroaga, 1989) Medikuntza Ikasleen Batzarreko buruaren esanetan, «Gurutzetako esperientziatik asko ikasi dugu, gauza batzuk era berean egingo ditugu, baina gabezia ugari ere atzeman ditugu, beraz, zerbitzua hobetzen saiatuko gara oraingoan. Argi ikusi genuen adibidez, beharrezkoa dela eritzaintzako ikasleak ere parte hartzea proiektuan, gaixoekin lan egiteko beste sentsibilitate bat izan ohi dutelako».
Beharren arabera, bi, hiru edo lau boluntarioko taldeak osatuko dira, eta talde bakoitza ekimen batez arduratuko da. Ospitalera bisitak, berriz, astean behin egingo dira. Normalean arratsaldez izaten dira, eta bi edo hiru orduz egoten dira gaixo dauden haur eta gazteekin, ekimenaren arabera eta beraien artean sortzen den giroaren arabera.