Irrifarra da sendagairik hoberena
Erizaintza eta medikuntzako ikasle boluntarioek jarriko dute abian Adams proiektua ospitalean dauden haurrak alaitzeko.
Ospitalea leku hotza dela pentsatu ohi du jendeak gehienetanan. Berezia izaten da ospitaletako usaina, bata zuri, berde edo urdindun jendearen joan etorriak errespetua ematen du. Inork ez du ospitalean arratsalde bat baino gehiago pasa nahi izaten. Baina errealitatea bestelakoa da. Lan talde zabala aritzen da gaixoak zaintzen eta egonaldia ahalik eta atseginena bilakatzen. Ildo horretan sortu da Adams boluntariotza proiektua ere.
EHUko Gipuzkoako erizaintza eta medikuntza ikasleek boluntarioki, ospitaleko haurren egonaldia arintzeko hainbat ekimen antolatuko dituzte.
Gurutzetako ospitalea eredu
Adams proiektua iaz jarri zuten abian Bizkaian. Kasu hartan, medikuntzako ikasleak Gurutzetako ospitaleko onkologia eremuan aritu ziren lanean. Iazko ereduari jarraituz abiatu da Adams boluntariotza proiektua Donotiako ospitalean ere. Adrian Llorente (Zorroaga, 1989) Medikuntza Ikasleen Batzarreko buruaren esanetan, «Gurutzetako esperientziatik asko ikasi dugu, gauza batzuk era berean egingo ditugu, baina gabezia ugari ere atzeman ditugu, beraz, zerbitzua hobetzen saiatuko gara oraingoan. Argi ikusi genuen adibidez, beharrezkoa dela eritzaintzako ikasleak ere parte hartzea proiektuan, gaixoekin lan egiteko beste sentsibilitate bat izan ohi dutelako».
Gurutzetako ospitalean onkologia sailean zeuden umeekin egin zuten lan. Donostian, berriz, pediatria sail osora zabaldu nahi dute boluntariotza zerbitzu hau. «Ospitaleratuta dauden haur eta gazteekin edo eguneko tratamentua jaso behar dutenekin, guztiekin egon nahi dugu, guztiek behar dutelako ospitaleko egonaldia arintzeko tartetxo bat», dio Adrian Llorente, medikuntza ikasleak.
Pediatria sailean hamasei urte bitarteko haur eta gazteak zaintzen dira, beraz, Adams proiektuko ekimenak ere, momentuko beharretara egokitu behar izaten dira, ez baita gauza bera bost urteko ume bati ipuin bat kontatzea edo hamabost urteko neskatxa batekin eskulanak egitea.
Gaixoak agintzen du
Adams proiektuak hainbat ekimen prestatu ditu gaixo dauden haur eta gazteentzat: ipuin kontaketak, magia trikimailuak, eskulanak, denboraren makina, musika eta pailazoak. Ilusio handiz prestatzen dituzte ikasleek ikuskizunak, baina sarritan inprobisatu behar izaten dute, gaixoek eurek agintzen baitute.
Amaia Lasa tolosarra ere medikuntza ikaslea da eta boluntario gisa aritu zen iaz Gurutzetako ospitalean. Aurten Donostia ospitaleko boluntarioen lana koordinatuko du. Amaia Lasaren esanetan, «egunaren eta gaixo dagoen haurraren gogoaren arabera aldatzen da ekimena. Nire taldeari tokatu zitzaion egunean, adibidez, oso pozik joan ginen musika-tresnak hartuta, baina karta jokoan amaitu genuen hamabost urteko gaztearekin eta bere familiarekin. Azken finean, egonaldia arindu eta gustora sentiaraztea izaten da helburua eta horretarako zer egiten dugun ez da hain garrantzitsua izaten».
Iaz oso harrera ona izan zuen Adams proiektuak Gurutzetako ospitalean eta Donostian ere hala izango dela uste dute arduradunek. Amaia Lasaren arabera, «ospitaleratuta daudenak eta gaixoaren familiak ere asko eskertzen dituzte horrelako ekimenak. Beraien sufrimendua pixka bat ahazteko aukera izaten dute».
Gogorra izan ohi da pertsona bat sufritzen ikustea. Baina Adams proiektuak bildu nahi dituen ikasle hauen etorkizuna halakoxea izango da. Erizain eta mediku izango dira biharko egunean, eta sarri tokatuko zaie egoera latzak ikustea. Amaia Lasaren iritziz, «hasieran bildur pixka bat sentitzen da, baina oso lan polita da, eta gaixoen aurpegiak alaitzeko gai izatea oso aberasgarria da». Adrian Llorenteren esanetan, «lanbide hau bizi egiten da. Unibertsitateko lehen urteetan hasita, ikasleek eurek eskatzen dute ospitalera sarbide zuzena izatea. Hau da, boluntarioki lan egin nahi izaten dute gaixoekin, eta behar horretatik sortua da Adams proiektua».
Ongi pasatzea helburu
Boluntariotza proiektu honek Pach Adams hartu zuen eredutzat. 70eko hamarkadan mundu osoan barrena ospitaleraturik zeuden gaixoak alaitzen zituen mediku estatubatuarra zen Pach Adams, barrearen mediku izenez ere oso ezagun egin zena.
Pach Adams medikuak egiten zuen moduan, erizaintza eta medikuntza ikasleen artean boluntarioak bildu nahi dituzte Donostiako ospitalean aritzeko. Atzo aurkeztu zuten EHUko Erizaintza fakultatean Adams proiektua, eta aurkezpenera hurbildu zen ikasle pila ikusita, aurten ere ez da inolako arazorik izango boluntariotza ekimenak aurrera ateratzeko.
Beharren arabera, bi, hiru edo lauko taldeak osatuko dira, eta talde bakoitza ekimen batez arduratuko da. Ospitalera bisitak, berriz, astean behin egingo dira. Normalean arratsaldez izaten dira, eta bi edo hiru orduz egoten dira gaixo dauden haur eta gazteekin, ekimenaren arabera eta beraien artean sortzen den giroaren arabera.
Adams proiektuan parte hartuko duten kideak ospitaleko erizainekin arituko dira elkarlanean. Izan ere, erizainek ezagutzen dituzte ondoen gaixoak. Adrian Llorenteren esanetan, «egunaren arabera, baliteke boluntario gehiago behar izatea, edo guztia prestatu eta gaixoek gogorik ez dutelako ekimena bertan behera geratzea ere gerta daiteke. Gaixorik daudenek aginduko dute».
Abenduan jarriko da abian Adams boluntariotza proiektua eta gaixoek behar duten arte iraungo du, irrifarra beti izaten baita sendagai ona.


