Udalaren izenean iruzurra egiten ari direla ohartarazi dute
Donostiako Udalak jakinarazi du hainbat pertsona adineko pertsonei iruzurra egiten ari direla. Haien etxeetara joaten dira, eta udalaren izenean doazela esaten diete. Azken asteotan salaketak ugaritu egin direla ohartarazi du udalak.
Udal gobernuak adierazi du etxeetara udalaren izenean joaten diren pertsonak ezagunak izaten direla bertakoentzat: gizarte langileak eta etxez-etxeko laguntzaileak dira, adineko pertsonekin tratua izaten dutenak. Udalaren izenean joaten diren gainerako pertsonak (inkestak egitera-eta joaten direnak), dagokien akreditazioarekin joaten direla azaldu du. Aurretik, telefonoz hitz egin eta hitzordua jarrita joaten dira denak. Ezezagunei eta akreditaziorik gabe eta aurrez telefonoz deitu gabe joaten diren pertsonei etxean sartzen ez uzteko gomendatu du udalak.