Donostiak ez du Lance Armstrongen izena ezabatuko
Texaseko txirrindulariak 1998 eta 2009 urteen artean lortutako garaipenak baliorik gabe utzi dituzte. Donostiako Klasikoa 1995ean eskuratu zuen; hortaz, bere garaipen-zerrendan jarraituko du.
Lance Armstrong txirrindulari zale guztien ahotan izan da egunotan, AEBetako Dopinaren Aurkako Agentziak (USADA) egindako txostena ontzat eman eta gero, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) Texaseko txirrindulariak irabazitako zazpi Tourrak baliorik gabe utzi berri baititu. Hain zuzen ere, 1998 eta 2009 urteen artean lortutako garaipenak kendu dizkiote palmaresetik, hots, minbiziari borroka irabazi eta gero eskuratutako lasterketa guztiak.
Lorpen handienak bertan behera utzi dizkioten arren –garaiezin egin zuten horiek, alegia–, Armstrongek garaipen garrantzitsuak ditu oraindik bilduta, dopinaren itzal luzeak zipriztindu ez dituenak; Donostiako Klasikoa, tartean. Estatubatuarra 1995. urtean izan zen lehena Bulebarrean.
Hain justu, Armstrong eta hiriko txirrindularitza lasterketa nagusiaren arteko harremana gorroto-amodio istorio bitxia izan da. Texasekoak Donostiako Klasikoan egin zuen debuta profesionaletan, 1992an. Triatloitik txirrindularitzara jauzia egin zuen Armstrongek, eta emaitza politak lortu zituen afizionatuetan; Bartzelonako Olinpiar Jokoetan, esaterako, hamalaugarren postuan sailkatu zen 1992ko udan.
Motorolak etorkizun handiko txirrindularia zela ikusi zuen, eta handik egun gutxira fitxatu zuen. Armstrongentzat ez ezik, Estatu Batuetako taldearentzat ere berria zen txirrindularitza mundua. Telefonia mugikorreko enpresak merkatua egiteko aukera ikusi zuen. Garai horretan, esaterako, 55.000 esku telefono besterik ez zeuden Espainian. Are eta gehiago, 1995. urtean, Espainiako Itzulian Motorolak lehen aldiz parte hartu zuenean, herritarren %2,3ak soilik erabiltzen zuen esku telefonoa –gaur egun, %110ak–.
Euripean egindako promesa
Negozioak negozio, Motorola Donostiako Klasikoaren irteeran izan zen 1992an, abuztuan fitxatu berri zuen Armstrongekin. Harribitxia zen, baina oraindik txirrindularitza zaleek ez zuten ezagutzen. Euri jasa ikaragarria egin zuen lasterketaren azken zatian; ekaitz horrek askoren gogoan utzi du 1992ko ekitaldia. Raul Alcala mexikarrak altxatu zituen eskuak Bulebarrean… eta Armstrongek 34 minutura iritsi zen, azken postuan. Etsituta egon beharrean, gerora ezagunak egingo ziren hitzak esan zituen, zergatik ez zen erretiratu galderari erantzun zionean: «Ibilbidearen azken kilometroak ezagutu nahi nituen, egun batean honera irabaztera etorriko naizelako».
Urtebete geroago, Donostian egindako antzeko denboralea pairatuta, beldurra sartu zien aurkariei lehen aldiz; Munduko txapeldun izan zen Oslon, Indurainen aurretik. 22 urterekin, hortzadar maillota janzten zuen txirrindulari gazteena izan zen.
Agindutakoa betetzeko zorian izan zen 1994ko Klasikoan. Bigarren postuan iritsi zen Bulebarrera, Armand de las Cuevas frantziarraren atzetik. 1995eko ekitaldian, baina, orduan bai, iragarritako garaipena eskuratu zuen.
Garaiko txirrindulari handien aurretik iritsi zen helmugara; Della Santa, Museeuw, Jalabert, Bugno, Piepoli, Sciandri, Vandenbroucke, Indurain eta Cenghialta baino azkarrago, besteak beste.
Komunikabideen aurrean, lasterketa irabazi eta gero, zeharka onartu zuen hiru urte lehenago esandakoa bere izaera harroputzaren ondorio izan zela. Izan ere, aitortu zuen 1992ko Klasikoa eta gero zalantza asko izan zituela. «Hunkituta geratu nintzen, profesional munduan berria nintzelako. Honetarako balio ez nuela pentsatzera iritsi nintzen», adierazi zuen.
Ahobero edo ez, kontua da bere hitza bete egin zuela.


