Joxe Azurmendik jasoko du Dabilen Elea saria Viktoria Eugeniako Klub Aretoan
Zegamako idazlearen ibilbide oparoa eta jarrera sarituko dituzte Euskal Liburuaren Gauean, azaroaren 5ean
Viktoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoa Euskal Liburuaren Gauaren lekuko izango da, azaroaren 5ean. Bosgarren urtez jarraian antolatu dute ekimena hirian, euskal literaturaren inguruan lanean diharduten bost elkartek; Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileak, Galtzagorri Elkartea, eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE). Ekimenean, irakurketak tartea izango du, noski, eta Dabilen Elea saria Joxe Azurmendi idazle zegamarrari emango diote. Guztiaren berri zehatzagoa emateko, aurkezpena egin zuten Nerea Txapartegi udaleko Kultur arduradunak eta Jorge Jimenez Euskal Editoreen Elkarteko presidenteak, atzo goizean.
Ekimena irekia izango da, eta elkarteekin lotura duten lagunez gain, literatura zaleei ere joateko deia egin diete. Gauaren helburu nagusiak zeintzuk ziren argi utzi zuten. «Liburugintzarekin lotutako kultur industriak gizartean karisma irabaztea nahi dugu», azaldu zuen Jimenezek. Hala, liburugintza gizarteari hurbiltzeko, Dabilen Elea saria banatu izan dute, urtez urte: Antton Olariaga (2008), Juan Mari Torrealdai (2009), Itxaropena argitaletxea (2010) eta Mariasun Landa (2011). Aurten, esan bezala, Joxe Azurmendi izango da saritua, eta bere ibilbide oparoa saritzeaz gain, bere jarrera, zintzotasuna, oparotasuna eta lanerako grina ere saritu nahi dituzte. Saria jaso aurretik, hiru lagunek hitz egingo dute Azurmendiren inguruan, eta musikak ere bere tartetxoa izango du.
2008tik batzen dira
Txapartegiren hitzetan, egun erreferente bihurtu da Azurmendi pentsalari gisa. Azurmendik berak Eusko Ikaskuntza Saria jasotzean esandako hitzak ere irakurri zituen Txapartegik: «Sustraiak egin egiten dira, eta nik euskararen herrian sustraitzea erabaki nuen. Hori nire obra guztian esentziala da, sustraien bilatze eta sustraien indartze saio bat baino ez baita obra osoa».
Euskal Liburuaren Gaua urtero antolatzen da 2008. urteaz geroztik. Euskarazko liburugintzan parte hartzen duten hainbat eragileren bilgune izaten da gaua, hala nola, argitaratzaileak, idazleak, irudigileak, itzultzaileak. «Gure artean goxo egoteko aukera izaten dugu», adierazi zuen Jimenezek.
Ekitaldia
- Zer. Euskal Liburuaren Gaua.
- Noiz. Azaroak 5, astelehena, 20:00etan.
- Non. Viktoria Eugeniako Klub Aretoan.
- Sarrera. Irekia eta doakoa.


