Pastelak gozogintzari indarra emateko
Gipuzkoako bederatzi gozotegi batu dira Euskal Herriko gastronomian gozogintzari bultzada eman eta elkarlanean aritzeko.
Gozogileak dira, baina ez daude oso gozo beraien egoerarekin. Euskal Herriko gastronomia mundu mailako erreferente bihurtu da, baina gozogintzak ez du onarpen bera jasotzen. Egoera honen aurrean, Gipuzkoako bederatzi gozotegi artisau elkartu dira eta Pastelak taldea osatu dute.
Euskal gastronomian beren lekua aldarrikatu nahi dute, eta postrea lehenengo eta bigarren platerren maila berean egotea eskatzen dute gozogileek. Errenteriako Javier Aramendia gozogilearen esanetan, «jatetxe askotan gertatzen da txuleta edo bisigu bikain bat jan ondoren, flana, izozkia edo fruta eskaintzea postre moduan, eta hori ez da posible. Urtetako esperientzia daukagu, artisau eran lan egiten dugun gozogileak gara, eta gure produktuei garrantzia gehiago eman behar zaie».
Ordu txikitan
Goiz hasten dira lanean gozogileak. Usain goxoz betetzen dituzte beraien saltoki inguruak, eta gogor egiten dute lan, belaunaldiz-belaunaldi ikasi duten lanbidea galdu ez dadin. Ordiziako Jose Mari Unanueren arabera, «bizilagun guztiak lo dauden bitartean, gu lanean aritzen gara, eta ordu txiki horietan sortutako proiektua da Pastelak taldea. Lagun eta lankide moduan biltzen hasi ginen, bakoitzak bere zalantzak, ilusioak, beharrak kontatuz besteei, eta gai askotan bat egiten genuela ikusirik, elkarlanean arazoei aurre egitea erabaki genuen».
Elkarlanean aritzeko ilusio horrekin elkartu ziren Pastelak osatzen duten bederatzi gozotegiak: Donostiako Barrenetxe, Geltoki eta Echave, Errenteriako Casa Aramendia, Tolosako Gorrotxategi, Zarauzko Sayalero, Ordiziako Unanue, Azpeitiko Egaña eta Elgoibarko Muruamendiaraz.
Bakoitza bere produkturik gozoenak hartuta elkartu ziren atzo Koldo Mitxelena kulturunean, Pastelak proiektua aurkezteko. Bakoitzaren osagairik onenak nahastu eta ez zaie gozoki bakar bat atera, Pastelak baizik, gozogintzaren aurpegirik gozoena. Ez dute unerik gozoena bizi, ordea.
Postreak ez du gizentzen
Krisia izan daiteke Gipuzkoako gozogile artisauak elkartu arazi dituen arazoetariko bat. Gozoen salmenta % 30-40 bat jeitsi dela onartzen dute, baina ez da krisia duten arazo bakarra. Mikel Marcos, Donostiako Barrenetxe gozotegiko gozogilearen esanetan, «kontsumo ohiturak dira aldatu behar direnak. Ia-ia gaizki ikusia dago gozokiak jatea, baina postreak ez du gizentzen. Edo gizentzen badu, pastel bat eta cava pixka bat hartzeak, pintxo bat eta ardo bat hartzeak adina gizentzen du».
Tolosako Rafa Gorrotxategiren arabera, berriz, «ez diogu postreak jateari utzi behar, urtebetetze festetan ezin du tartarik falta, ezta ezkontzetan ere. Euskal Herrian gozogintza beti egon da ospakizunarekin eta erlijioarekin lotua. Lehen, gizonezkoak izaten ziren igande goizetan mezaren ondoren gozotegira joan eta pastelak hartuta etxera joaten zirenak. Orain, bizimodua, erabat aldatu da, baina ospakizunetan ez litzateke gozorik falta behar. Orain, adibidez, kruxpetak eta Santu hezurrak jateko garaia da».
Belaunaldiz-belaunaldi ikasitako lanbidea da gozogileena. Donostiako Geltoki gozotegia da horren adibide, familia osoak egiten baitu lan bertan. Jose Mari Pikabearen hitzetan, «bizitza osoa daramat gozo artean. Oso goiz, lauak aldera hasten gara lanean. Garai batean ohe txiki bat izaten nuen lantegian, arratsaldean lo kuluxka bat egiteko. Oso lanbide polita da, baina ordu asko eskaini behar zaizkio». Karmele Pikabea, alaba ere, ados dago aitarekin. Bere hitzetan, «asko ikusi eta ikasi dut hemen, eta batez ere txikitan, gozo guztiak eskura izatea izugarria zen, baina baditu bere alde txarrak, ordutegia adibidez.
Etorkizunari begira
Ilusioa da Pastelak proiektuaren osagai nagusia, eta ilusio horrekin antolatu dituzte hainbat ekimen, gozogintzari bultzada eman eta behar duen garrantzia eskaintzeko. Sukaldari eta gozogileen lana aberasteko ikastaroez gain, Euskadiko gozogileen topaketa antolatu nahi dute Donostian. Eta azaroaren 14an, diabetesaren egunean, pastel berezi bat egingo dute, behar guztietara moldatzeko gai direla erakutsiz. Izan ere, gozogintza lanbide artisaua izanik, egunero garatuz doa, etorkizuna ere gozoa izan dadin.




