Informazio taulek zabalduko dituzte auzo ekimenak
Lehenengoa Ibaetan jarri dute jada, eta hurrengo bostak hala eskatu duten tokietan izango dira
Auzoetan egindako parte hartze prozesu baten ondoren, udal gobernuak taula informatiboak jarriko ditu hala eskatu duten lekuetan. Taula hauen helburua, auzo elkarteek egiten dutena plazaratzeko leku izatea da besteak beste, eta lehenengoa Ibaetan jarri dute jada.
Ibaetako Lagunen Auzo Elkartekoek (ILAE) azaldu dutenez, informazioa banatzerako orduan denek egin zuten bat taulen ideiarekin; «informazioa banatzeko, jardueren berri emateko apustua da», esan zuten. «Auzoan dauden hainbat taldek elkartze puntu bat behar zuten eta haien egitasmoak zabaltzeko beste formatu bat», adierazi zuten ILAEko ordezkariek.
Ibaetakoaz gain, beste bost auzotan ere jarrita egongo dira urte amaiera baino lehen; hala nola, Altza-Larratxon, Altza-Herreran, Egian, Loiolako Erriberan eta Amaran.
Bi alde
Taulek bi alde izango dituzte, bat itxia, elkarteek kudeatuko dutena eta bestea irekia, edozein hiritarrek erabili ahal izango dutena. Taulak txukun mantentzearen ardura auzo elkarteena izango da. Informazio eta partaidetzako zinegotzi Axier Jakak azaldu duenez, auzo elkarteak hiritarren ordezkaritza gertukoen bezala ikusten dituzte, eta haien behar eta eskariari erantzuna da taula hauek jartzea.
Auzoak eta Herritarren Partaidetzako zuzendari Amaia Agirreoleak azaldu zuen, taulen ideia hau, eskakizunen ondorio izan dela, eta hori dela eta, oraingoz, eskakizuna egin duten auzoetan jarriko dituztela.


