Tanttakak ‘Soinujolearen semea’ antzezlana ekarriko du hirira
Euskarazko bi emanaldi eta gaztelerazko bat egingo dituzte Viktoria Eugenian, azaroaren 3an, 4an eta 7an
Bilboko Arriaga, Gasteizko Principal eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokiek indarrak batzeari esker, Tanttaka konpainiak Soinujolearen semea antzezlana sortu du. Patxo Telleriak Bernardo Atxagaren nobela ezaguna egokitu du antzerkirako, eta aste honetan bertan Donostiara iritsiko da; Fernando Bernues donostiarraren zuzendaritzapean. «Gaztelerazko bertsioa aberatsa da, baina euskarazkoa aberatsagoa», ausartu zen esaten Telleria atzoko prentsaurrekoan. Izan ere, antzezlana bi bertsiotan prestatu dute, euskaraz eta gaztelaniaz; eta biak onak direla dioen arren, euskarazkoak xarma berezia du Telleriaren ustez. Oso pozik agertu ziren antzezlanaren arduradunak eta aktoreak lortutako emaitzarekin; lau hilabeteetan banatutako lanaren ondorioa baita. «Gaur egun sortzaileek bost proiektutan batera jardun behar dute bizirauteko, beraz, ordutegiak bateratzea zaila izan da», azaldu zuen Fernando Bernuesek. Gainera, euren hitzetan, dagoeneko Bilbon eta Gasteizen oso harrera ona jaso dute. Pertsonaia nagusia, soinujolearen semea, Aitor Beltran aktore donostiarrak betetzen du.
Atxaga, oso pozik
Bernardo Atxaga bera ere atzoko aurkezpenean izan zen, eta egokitzapena oso gogoko duela aitortu zuen. «Nik idatzitakoaz gutxitan nabarmentzen dena nabarmendu dute antzezlanean, maitasuna eta adiskidetasuna. Aita-semeen artekoa eta lagunen artekoa», aipatu zuen Atxagak.
Antzezlana
- Zer. Soinujolearen semea antzezlana; Tanttanka konpainiaren eskutik.
- Noiz. Azaroaren 3an eta 4an euskaraz, eta 7an gazteleraz, 20:00etan.
- Non. Viktoria Eugenia Antzokian.
- Prezioa. 22, 16, 10 euro.


