Bouziane eta Boulaid izan dira azkarrenak Leosiñetako krosean
Goizeko eguraldi ona lagun, ikusle dezente bildu dira Larratxoko plazan, lehiaz gozatzeko eta partaideak animatzeko
Naiara Casi eta Imanol Etxebeste izan dira helmuga zeharkatzen lehen larratxotarrak
Leosiñetako VII. Krosean, Ahimad Bouziane izan zen gizonezko azkarrena, eta Kaoutar Boulaid lehen emakumea. Denboran paretsu iritsi ziren bi afrikarrak, Bouzianek 34 minutu eta 20 segundotan egin zituen 10’5 kilometroak; eta Boulaid, 20 segundo beranduago iritsi zen 8’5 kilometroak egitetik. Izan ere, Larratxon jokatzen duten lasterketak badu berezitasun bat, gizonezkoek zirkuituari sei bira ematen dizkiotela, eta emakumeek, aldiz, bost.
Goizeko hamarretarako giroa berotzen hasi zen Larratxon, izan ere, Jatorrenak txarangako kideak plazatik gora eta behera ibili ziren. Bitartean, korrikalariak beroketa eta luzaketak egiten zebiltzan, eta azken ordura arte itxaron zutenak, izena emateko aukera izan zuten.
Hamaiketan puntuan hasi zen krosa, eta hasieratik lehia buruan jarri zen Bouziane. Beste hirurekin taldea osatu zuen afrikarrak, baina pixkanaka bakardadean aritu zen zirkuituari biraka, erritmo azkarrean. Boulaidek, berriz, gertu izan zuen uneoro Belachkar, baina bukaeran aldea handitzea lortu zuen.
Partaideak zirkuitu berari itzuliak ematen ari zirenez, epaileak itzuliak zenbatzeaz arduratu ziren. Hala, korrikalari bakoitza irteera gunetik igarotzen zen bakoitzean, zenbaki handi batekin jakinarazten zioten zenbat itzuli falta zitzaizkion bukatzeko. Ikusleak zain izan ziren uneoro irteera gunean, korrikalariak berriro hortik noiz pasako, euren animoak emateko.
Pixkanaka lehiakide guztiek gurutzatu zuten helmuga, eta iritsi bezain laster zain zituzten ura eta fruta. Helmugaratzen azkena gizon bat izan zen, haur bat eskutik helduta zuela.
Lasterketaren aitzakiarekin, Etiopiaren alde dirua biltzeko postua jarri dute auzotar batzuek. Sari banaketa eta oparien zozketa iritsi bitartean egin zuten postura bertaratzeko aukera gehienek.
Casiri zorion bikoitzak
Lasterketa bukatu eta gutxira, sari banaketaren txanda izan zen. Lehen hiru emakumeek jaso zituzten sariak lehenengo; 170 euro, 85 euro eta 40 euro izan ziren beraientzat, hurrenez hurren, baita garaikur bana. Ondoren, lehen hiru gizonen txanda izan zen, eta 200 euro, 100 euro eta 50 euro jaso zituzte beraiek, baita garaikur bana ere.
Lehenengo larratxotarrak ere saritu zituzten, Naiara Casi eta Imanol Etxebeste. Casik gainera zorion bikoitzak jaso zituen, bere urtebetetzea baitzen atzo. Beraz, saria jasotzerakoan, txarangak Zorionak Zuri eskaini zion, auzotarrek abestu zuten bitartean.
Sailkapena
- Gizonezkoak:
- Emakumezkoak:
- Larratxotarrak:



