«Donostia bi badiadun hiria da eta horietako bat industriala izan da beti»
Donostia Kontxako badiari eta horren inguruko luxuari begira irakurri eta kontatu izan da, baina donostiar gehienak ez al dira beti langile klasekoak izan? Ideia horri helduz, Donostia bi badiadun hiri gisa behatu eta aztertu du Jon Aldabaldetreku Delgado (Egia, 1997) EHUko irakasle eta Historia Garaikidean doktoreak, bere tesian. Pasaiako badiaren industrializazioa, auzo berriak, garapen demografiko eta urbanistikoa, borroka sozialak... Donostia beste modu batean irakurtzeko zenbait gai ukitu ditu Aldabaldetrekuk.
Jon Aldabaldetreku Delgado, Historia Garaikidean doktorea.Joseba Parron San Sebastian Donostia bi badiadun hiria dela defendatzen duzu. Zergatik?
Oso jakina da Donostia perspektiba jakin batetik landu dela beti, historiografikoki: Kontxako badiaren ingurua eta zabalgunea kokatu da epizentro gisa. Nik egin dut saiakera demostratzeko Donostia bi badiadun hiria dela eta horietako bat industriala izan dela beti, historia garaikideari dagokionez. Epizentroan kokatu dut Pasaiako badia, Donostiako badia industrial gisa.
Hiria irakurtzeko beste modu bat da.
Hiria bera langile periferia industrial horretatik begiratzeko saiakera bat izan da ikerketa, erdigunean jarrita horrenbeste kontatu ez den Donostia hori. Nire saiakera izan da demostratzea Donostiak ere industrializazioa jasan zuela: nola jasan zuen, nork jasan zuen, zer modutan eta abar.
Euskal Herrian, Bilbo Handian zentratu izan dira industrializazioaren eta langile migrazioen inguruko ikerketa nagusiak, baina aztertzen badugu Euskal Herriko herrien eboluzioa XIX. mendearen bukaeratik 1970era arte, industrializazioarekin eta langile migrazioekin lotutako aldaketa gehien jasan zituzten hamabost herrien artean Bilbo Handikoak, Donostia, Errenteria eta Pasaia daude.
Nondik datorkizu tesi hau egiteko interesa?
Donostiarekiko nuen sentipena ez zen beti luxuzko hiri turistiko horren ingurukoa. Hori hiriaren parte bat da, hor egon dena eta dagoena, baina argi nuen Donostiak historikoki izan duela beste ardatz bat, ekialdekoa —Egiatik hasita, Intxaurrondora, Altzara, Bidebietara, Pasaiako hainbat distritutara eta Errenteriara heltzen dena—, industriala izan dena eta XX. mendean zehar izugarrizko garrantzia eduki duena.
Egian kokatzen duzu Donostiako ekialdearen eta mendebaldearen arteko muga.
Bai. Hala ere, desberdintasunak daude Donostiako lehenengo zabalpen prozesuaren eta ondoren etorri zenaren artean. Lehenengoan, 1940ko hamarkadara arte gutxi gorabehera, Egiak, Antiguak eta Grosek osatzen zuten, nolabait, hiriko lehenengo periferia industriala, tailer txikiekin eta halakoekin. Horrek, ordea, eboluzio izugarria jasan zuen 1960ko hamarkadatik aurrera, eta periferia industriala Pasaiako badian kokatu zen: Donostiaren kasuan, Intxaurrondon, Bidebietan eta Altzan, baina auzo horiek Trintxerperekin, Pasai Antxorekin eta Errenteriarekin osatzen duten konglomerazioan kokatu behar dira, hinterland deitzen zaion portuen eragin ekonomikoko esparruan.
‘Hinterland’ kontzeptuari helduta, bere muga administratiboetatik at aztertu duzu Donostia.
Harreman sozial eta ekonomikoak hartzen baditugu ikerketa objektu moduan, ulertu behar dugu Pasaiako badiaren garapen industrial eta ekonomiko guztia hiriari lotuta dagoela eta hiriari ere interesatu zaiola industria guztia Pasaiako portuan eta inguruan garatzea, nahita egindako apustua izan zen. Horregatik, hinterland kontzeptua garrantzitsua da, ahalbidetzen digulako Donostiako hiria, gutxienez, eskualde eskala batean pentsatzen.
«Donostian ez ditugu fabrikak ikusten, baina horrek ez du esan nahi ez zenik industrializaziorik gertatu»
XX. mendeko zabaltze prozesuan eta industrializazioan zentratu duzu ikerketa, baina XIX. menderaino ere jo duzu.
Hiru prozesu nagusi daude. Lehenengoa 1864tik aurrera gertatu zena da: harresiak bota zituzten eta Donostiako familia boteretsuek —Brunet, Lasala y Collado eta abar— interesa erakutsi zuten, arrazoi ekonomikoengatik, Kortazar zabalgunea egitean eta hiria hegoalderantz haztean.
Zabalgunea bukatuta zegoen 1905erako, eta, orduan, beste fenomeno bat sortu zen, belle époque garaitik Donostiak zuen Kantauri itsasoko bainu turismoa krisi sakon batean sartu zenean. Hiriko burgesiak apustuak dibertsifikatu zituen garai horretan, eta inbertsio industriala izan zen apustu garrantzitsuenetako bat, fabrikak, tailerrak eta halakoak kokatuz ekialdeko ardatzean. Hau da, XX. mende hasieratik zegoen hiria industrializatzeko nahia. Donostian ez ditugu fabrikak ikusten, baina horrek ez du esan nahi Donostian ez zenik industrializaziorik gertatu, kontua da hiriaren muga administratiboetatik kanpo gertatu zela: Pasaian, portuaren ertzetan eta Errenteriako konglomeratuan. Hori bai, Donostiako kapitalarekin, nagusiki. Eta badago industrializazio horren inguruko beste ardatz bat ere hegoaldean, Hernanirantz eta Lasarte-Oriarantz doana.
Bestalde, 1950eko hamarkadatik aurrera, hirian zegoen industria guztia (tailerrak eta fabrika txikiak) deslokalizatzen joan ziren, ekialderantz. Fabrikak kanpora bidaltzeko joera argia egon zen.
Kapital berbera da luxuaren eta turismoaren hiria eta hiri industriala eraiki zuena?
Donostiako XX. mende hasierako turismo eredua krisian sartu zenean, hiriko kapitalak dibertsifikatu egin zuen bere negozioa. Turismoaren maila apur bat jaitsi zuten, eta hori konpentsatu nahi izan zuten jokoarekin eta dibertimenduarekin. Testuinguru horretan ulertu behar dira Igeldoko parkea, kasinoa, Martuteneko jolas parke hura, Uliako trena eta abar. Primo de Riverak jokoa debekatu zuenean, aldiz, horrek guztiak behea jo zuen eta burgesiak ikusi zuen bere inbertsioak ezin zirela ehuneko ehunean halako negozioetara joan, eta Pasaiako portuan jarri zuten begirada.
«Ez da berdina Altzan edo Bidebietan bizitzea eta Aieten edo Antiguan bizitzea. XX. mendean sortutako desberdintasun sozialak mantentzen dira»
Langileen migrazio fluxuak asko ikertu dituzu. Hainbat migrazio fase egon dira, ezta?
Asko hitz egiten da orain migrazioaz, baina ez da fenomeno berria hirian. Migrazio uholde gisa hartu ditzakegunak 1920ko hamarkada inguruan hasi ziren. Garai hartan, gehienak galiziarrak ziren, Trintxerpera etorritako arrantzaleak. Horrek bi gertakarirekin kointziditu zuen: Galiziako ontziolen sektorean egiturazko krisi sakona zegoen 1920ko hamarkadan eta, hain justu, Pasaiako portuan inbertsio izugarriak egin ziren. Testuinguru horretan ulertu behar dira errepublika garaiko Ategorrietako sarraskia eta bestelako langile gatazkak.
1940ko hamarkadarako, jatorri migratzaileko jende asko zegoen hemen, eta dagoeneko ez zen soilik Trintxerpen kokatzen, baita Altzan, Egian, Grosen eta Errenterian ere, besteak beste. Hala ere, hein handi batean gertutik etorritako langileak ziren: Nafarroatik, Burgostik, Errioxatik eta abar. Hori, ordea, izugarri aldatu zen 30 urtetan, eta 1970erako, argazkia oso bestelakoa zen. Alde batetik, galiziar asko ditugu Trintxerpen eta Pasai San Pedron. Bestetik, segregazio izugarria daukagu hirian: Altzan extremadurarrak eta Gaztela eta Leongoak ziren nagusi, esaterako.
Horrekin lotuta, garrantzitsua da nabarmentzea migrazio horien guztien jatorrian ez zegoela lurralde oso bat, baizik eta lurralde batzuetako lauzpabost herri. Horrela, Galiziaz hitz egin beharrean, Cormez eta Galiziako beste herri jakin batzuez hitz egin beharko genuke. Izan ere, ahoz ahokoaren bidez eman zen migrazio hori: familia burua etortzen lehenengo —senarra, kasu gehienetan—, familia osoa ondoren —bikotea, seme-alabak, aitona-amonak eta abar— eta, ahoz ahokoaren bidez, herriko beste familia batzuk.
Zer aurkitu zuten familia horiek guztiek hemen?
Lana bazegoen, baina 1940ko hamarkadaren bueltan, egiturazko krisi handia zegoen etxebizitzaren arloan, Donostia eta bere ingurua ez zeudelako prest migrazio uholde hori jasotzeko. Horri erantzuten dio, hain zuzen ere, frankismoan, 1950eko hamarkadatik aurrera, etxebizitza eta auzune berri ugari eraiki izanak.
Testuinguru horretan kokatu behar da Altzako herriaren anexioa (1940)?
Bai, zalantzarik gabe. Donostiak bere inbertsio industrialak Pasaiako badian zentratzeak zenbait ondorio izan zituen, eta horietako bat dira Altzaren eta Astigarragaren anexioak. Altzaren kasuan, hori zen hiriari falta zitzaion azken pieza zuzenean Pasaiako portuarekin lotuta egoteko. Altza baserriz betetako landa eremu bat zen, eta, beraz, udalarentzat, garapen urbanistikorako sekulako aukerak ematen zituen.
Frankismoaren autarkiaren osteko garaia da inflexio puntu nagusia hirigintzari dagokionez, ezta?
Kontuan eduki behar dugu Donostiak ez zituela 100.000 biztanle ere 1940an, eta apenas 30 urtetan, 40.000 biztanle gehiago zituela; hazkunde izugarria da. Errenteriak, halaber, bere biztanleria hirukoiztu egin zuen denbora tarte horretan, eta, Pasaiak, bikoiztu.
Donostiako lehenengo hirigintza plana 1962koa da, eta plan horretan, legedia errealitatearen atzetik joan zen, une oro. Izan ere, onartu zutenerako, planak aurreikusten zituen garapen urbanistiko eta demografiko guztiak emanda zeuden: auzuneak eraikita zeuden, migrazioa bertan zegoen eta abar. Autore askok adierazten dute plan horrek ekarri zuela prozesu ilegalaren legalizazioa. Izan ere, sektore pribatuek bultzatuta, eta inolako hirigintza planik jarraitu gabe, auzune osoak eraiki zituzten. Horren eraginez, auzune horiek inolako zerbitzurik gabe eraiki ziren: kaleak asfaltatu gabe zeuden eta ez zegoen farolarik, anbulatoriorik, haurtzaindegirik ez ezer. Etxeak bazeuden, baina, askotan, material txarrekin egindakoak ziren.

Altzako Santa Barbara auzuneko kale bat, lokatzez beteta, 1960ko eta 1970eko hamarkaden artean. Langilee auzoetan ez zegoen zerbitzurik.Felix Iranzo / Altzako Historia Mintegia
Ekialdeko auzoetan ikusten dira frankismoan eraikitako etxe gehienak, baina baita beste auzo batzuetan ere.
1950eko hamarkadan, hainbat etxebizitza poligono sustatu zituen erregimenak estatu osoan, baita Donostian eta inguruan ere. Eta garai horretakoak dira, adibidez, Egiako Etxabe parkearen inguruko etxeak eta Trintxerpeko arrantzaleen herrixka. Baina, batez ere, 1960ko hamarkadan hasi zen eraikuntza booma, eta orduan eraiki zituzten Altzako auzuneak: Arriberri, Arrizar, Los Boscos eta abar. Errenteriako Galtzaraborda eta Pontika auzuneak ere garai horretakoak dira, esaterako.
Espazio gabe gelditu zirenean, 1970eko hamarkadaren bueltan, langileen presio demografikoak handia izaten jarraitzen zuenez, bertikalean eraikitzen hasi ziren; horren erakusgarri da Bidebieta, adibidez. Zentzu horretan, Bidebietako Gaiztarro eremua da salbuespena langilez betetako ekialde horretan, Pasaiako portuan dirua egin zutenek erosi baitzuten etxea bertan, hala nola arrantza patroiek.
Hain zuzen ere, gai izan zara zehazki kokatzeko langileak zein eremutan eta kaletan bizi ziren, bai lanbidearen arabera, bai jatorriaren arabera.
Ulertu behar da espazioa, bere horretan, harreman sozial eta ekonomikoen isla dela eta, noski, ez dela dena beltza edo zuria. Horrela, Gaiztarroren antzeko salbuespenak aurkitu ditugu langile periferia guztian. Pasai Antxon, esaterako, administrazio lanak egiten zituzten langileak ziren nagusi. Eta, Donostian bertan, desberdintasun handiak daude auzoen barruan. Antiguan, ez zen berdina Matia kalearen atzealdean bizitzea edo Ondarreta inguruan. Egian, ez zen berdina Mandasko Dukearen kalearen inguruan bizitzea edo Karmengo Ama kalean.
Klase desberdintasun horiek hiri osoan ematen ziren, baina ekialdean agerikoagoa zen: 1970ean, Altzako biztanleria aktiboaren %80a kualifikatu gabeko langileek osatzen zuten, eta hiriko beste auzoetan askoz txikiagoa zen ehuneko hori. Ildo beretik, administrariak eta enpresa buruak non bizi ziren aztertuta, ikusten dugu bi Donostia zeudela: mendebaldekoa eta ekialdekoa. Eta ekialdearen eta mendebaldearen arteko desberdintasun sozial hori beti errepikatzen da, aztertzen duzun aldagaia aztertzen duzula: migrazioa, lanbideak eta abar.
Zentzu horretan, adierazgarria da neskameen kontua. 1940-1960 denbora tartean, neskameak zituzten etxeen ehuneko handienak auzo jakin batzuetan zeuden, hiriaren erdiguneko auzoetan. Aldiz, Altzan, neskame asko bizi ziren, baina ez zuten Altzan lan egiten, erdiguneko auzoetako etxeetan baizik.
«Ezin da Donostiaren historia kontatu Pasaiako badiak edukitako eragin ekonomiko eta soziala ahaztuta»
Nolakoa izan zen migratzaileen integrazioa?
Fase historikoaren arabera desberdina da. Errepublikaren garaian eta 1940aren bueltan, Trintxerpen galiziar asko zeudenez, nazionalismo galiziarraren eta euskaldunaren arteko nolabaiteko konexio bat egon zen, eta horrek erraztu egin zuen integrazioa. Gaur egun, oraindik, meza batzuk galegoz ematen dituzte Trintxerpen, hain zuzen ere. Gerora, Espainiako hegoaldetik etorritako langileei dagokionez, aztertu dudanaren arabera, hartu-emana nahiko ona izan zen orokorrean, ez dut ghetto estiloko marjinazio handirik ikusi, nahiz eta migrazioa esparru jakin batzuetan kokatu zen. Migrazioak eragina izan zuen, besteak beste, euskarari dagokionez, baina, era berean, migratzaile horietako asko euren seme-alabek euskaraz ikasi ahal izan zezaten borrokatu ziren.
Ekialdeko ardatzean kokatzen dituzu Egia, Intxaurrondo, Bidebieta eta Altza. Zeintzuk dira bakoitzaren eraldaketa historikoaren ezaugarri nagusiak?
Egia, Grosekin batera, XX. mendeko lehenengo hereneko periferiaren parte zen, baina, gerora, erdiguneko auzo gisa hartu izan da. Bestalde, XX. mendearen bigarren erdialdera arte, egungo Intxaurrondo Zaharra egon bazegoen, Ategorrietatik Pasaiako porturaino zihoan lerro gisa, baina Intxaurrondo Berria ia 1980ko hamarkadako auzunea da. Bidebieta ere ez zen existitzen, Gaiztarro eta La Paz eremuak 1970eko hamarkadakoak dira. Beraz, 1940tik 1970era, garapen handiena izan zuen auzoa, zalantzarik gabe, Altza izan zen; 30 urtetan, erabat aldatu zen. Baserritarren eremu bat izatetik, etxebizitzaz jositako auzo bat izatera pasatu zen. Eta eraikitako auzo berri guztiek ez zuten gutxieneko zerbitzurik eduki, urte luzez.

Jende andana, Bidebietako dorreen inaugurazioan, 1967an. Franco bera ere etorri zen.Arturo Delgado / Kutxateka
Altzatar askok esan ohi dute etxe eta kale asko beraiek bukatu zituztela, euren kabuz.
Ez zegoen hiri sistema bat eratuta, korrika eta presaka eta modu kaotikoan eraikitako etxebizitza multzoak baizik. Gutxieneko zerbitzuak, batez ere, trantsizioaren garaian lortzen joan ziren herritarrak, migratutako langile horien guztien ahaleginari esker.
Langile auzo horiek sortzeak langile borroka eta auzo borroka eragin zituen?
1960ko hamarkadan migratu zuen jendearen behar gorena lan egonkor bat aurkitzea zen, eta behin lana lortuta, etxebizitza bat erostea. Lana lortzea ez zen zaila, eta lan egonkor bat bazenuen, etxebizitza bat erosteak ez zuen zailtasun bereziki handirik. Horrela, egonkortasun ekonomiko eta familiar hori lortuta, bestelako fenomenoak sortzen joan ziren, 1970eko hamarkadan, bereziki. Pentsa, milaka migratzaile fabriketan, asanbladak, borroka antifrankista, protestak… Eta, horren harira, jendeak ikusi zuen fabriketako borroka auzoetara ere eraman behar zela, auzoetan ez zegoelako bizi proiektu duin bat garatzeko baldintza nahikorik. Horren erakusgarri dira, besteak beste, Altzako anbulatorioaren eta haurtzaindegiaren alde borrokak. Donostia ez zen hiri itzali bat, inondik inora.
«Ikusi zuten fabriketako borroka auzoetara eraman behar zela, bizitza duina garatzeko baldintzen alde»
Beraz, zure ikerketaren ondorio nagusi gisa, esan daiteke Oarsoaldearen parte bat ezin dela ulertu Donostia gabe?
Polemikoa izan daiteke, baina hori defendatzen dut tesi honekin. Historiografiaren errepasoa eginda, konturatuko gara Donostia ikertu dutenek soilik Donostia hartu dutela kontuan eta gauza bera pasatu dela Errenterian eta Pasaian, ikuspegi zabalago bat faltatu izan zaigu. Gauza bat dira muga administratiboak, baina gizartean harreman sozialen garapena ematen da, espazioa horren isla da eta ekoizpen ekonomikoak markatzen du harreman sozialen garapena. Hori horrela izanik, ezin da Donostiaren historia kontatu Pasaiako badiak edukitako eragin ekonomiko eta soziala ahaztuta, hori izan delako Donostiako zentro industriala. Eta Errenteriak ez balu Donostia hor bertan eduki izan, segur aski, ez zuen XX. mendean jasan zuen industrializazioa jasango. Altzarekin gauza bera: portua hor bertan eduki izan ez balu, ez zen garatu den moduan garatuko. Zeren Aiete, esaterako, ez da industrialki garatu.
Ekialdea-mendebaldea logikarekin irakurri daiteke gaur egun ere Donostia?
Argi dago Donostian egun antzematen ditugun klase desberdintasunak eta desberdintasun sozial eta urbanistikoak XX. mendean sortu eta garatu zirela, frankismoak sakondu zuela horietan eta garaiko harreman sozial eta ekonomikoek berdinak izaten jarraitzen dutela. Sistema kapitalistan, bizitzeko auzo aberats, lasai eta erosoak egon daitezen, auzo pobre, estu eta kaotikoak egon behar dira. Eta hori oso agerikoa da gaur egun ere: ez da berdina Altzan edo Bidebietan bizitzea eta Aieten edo Antiguan bizitzea. XX. mendean sortutako desberdintasun sozialak mantentzen dira eta mantenduko dira, hirigintzarekin desberdintasunak lausotu daitezkeelako, baina sistema aldatu gabe ezin delako espazioa bera aldatu.




