Heriotza koloreztatzen denekoa
Urte osoan zehar ilunpean egon eta gero, Domu Santu Egunean hilerriak itxura aldatu eta kolore biziz janzten dira. Ohiturak ohitura, eguraldi ona aprobetxatuz bisitarako eguna ere bada.
Hildakoak gogoratzekoeguna izan zen atzo askorentzat eta Donostiako hilerrietan Domu Santu Egunean izan ohi den modura, loreak izan ziren protagonista.
Ez da ohikoa hilerriak jendez beteta ikustea, baina atzoko egunean Polloen jendetza zebilen goizeko lehen ordutik. Batzuk, senitartekoen hilobiak garbitzen eta apaintzen; beste asko, jada lana aurreratuta, loreak jarri eta ureztatzen. Izan ere, azaroaren lehenean hilobiek distira hori erakus dezaten, lana ere izaten da aurreko egunetan; belar txarrak eta goroldioa kendu, sasiak garbitu, metalezko hizkiei distira atera… Erritual moduko bat da askorentzat, hildakoak gurtu eta besteei gureak zenbat maite ditugun erakusteko.
Denetariko jendea
Baina denak ez ziren inguratu haien senitarteko zein lagunen hilobiak apaintzera, nabaria baitzen, goizeko eguraldi onak lagunduta, pasatzera joan zenik ere bazela. Izan ere, egun tristea behar lukeenak, egun atsegin izaera hartzen du batzuentzat, batik bat, lore usain fresko eta kolore biziek lagunduta. Eguraldia ona izan bazen ere, haizeak fin jotzen zuen goizaldean, eta jada ikusi zitezkeen lehen lorontzi irauliak.
Askok jende helduaren ohitura modura ikusten du egun hau, baina denetariko jendea ikus zitekeen, esaterako, Altzako hilerrian. Familiak, denak batera, haurrak korrika hilerrian zehar, alargunak, eta denetarik zebilen bertan, eta denak bata zein besteari kasu eginez. Hilobiek bertan ere kolore biziak zituzten. Bestalde, 12:00etako meza izan zuten, eta jende andana joan zen. Batzuk, hunkituta, zein meza polita izan zen aipatu zuten.
12 eurotik 70 eurora
Loreak protagonista ziren egunean, saltzaileak pozik zeuden Polloeko hilerri aurrean jarritako postuetan. Horien artean, Xabier Lazkanok goiza ondo zihola iritzi zuen; «eguraldi onak animatu du jendea gerturatzera, baina arratsaldeari beldur apur bat diogu», esan zuen. Saltzeko orduan, hala ere, urtero bezala ari zirela esan zuen, aldaketa gehiegi nabaritu gabe. Arratsaldean, ordea, euria egin zuen.
Aukera zabala zegoen loreen artean, nahiz batik bat krabelina saltzen den. Koloreei dagokionez, normalean, lore zuria eta gorria saltzen direla esan zuen Lazkanok; «klasiko batzuk dira, hori bai, nahastuta ez, bakoitza bere aldetik», azaldu zuen. Prezioetan ere aukera ezberdinak zeuden. Zentro merkeena 12 eurokoa zen, eta aukera 70 euro arte zabaltzen zen.
Krabeina klasiko bat zela esanda, bat zetorren Jon Loinaz saltzailea ere, nahiz gehitu zuen margaritak ere oso gustoko dituela jendeak. Loinazen kasuan, goiza poliki baina gelditu gabe zihoala adierazi zuen, eta pozik zeuden horrekin.
Zentroez gain, Loinazen postuan, sortak eta lore solteak ere saldu zituzten; hauek 6 eta 2 euroan, hurrenez hurren.
Hiru hilerri
Hirian, XIX. mendea arte, lurperatze ia denak eliza inguruetan egin ohi ziren. Hori, ordea, debekatu egin zen eta 1813an hiria suntsitu zutenean, San Martin auzoan ezarri zuten, 1854 urtea arte, hilerri txiki bat.
Ondoren, hilerria bera, San Bartolomeko Agustinetara mugitu zuten 1880a bitartean, azkenik, 1877an, Jose Goikoak diseinatutako Polloe hilerriak ordezkatu zuen arte. Gaur egun arte mantendu den hilerriak hiru alditan handitu behar izan ditu bere lurrak, zehazki, 1922, 1946 eta 1960an.
Hala ere, badira beste bi hilerri, zehazki Altza eta Igeldokoak. Altzako hilerria XIX. mende erdialdean hasi zen funtzionatzen eta egun irekita dirau. Garai batzuetan, gainera, hilerri zibila izan zen Altzakoa, gero berriro katoliko egin zelarik. Igeldoko hilerria, bestalde, txikiena da, eta 1896an eraiki zuten.




