Banka etikoaren alde, hitzarmena sinatu du udalak
Fiare bankuaren bazkide egin da udala eta kontu korronte bat ireki du bertan
Guar goizean sinatu dute, Fiare banku etikoaren eta Donostiako Udalaren arteko hitzarmena. Bertan, udala, bankuko bazkide egin da eta kontu korronte sinboliko bat ere ireki du.
Juan Garibi Fiareko garapen zuzendariak azaldu du, bankua herri partaidetzan oinarritutako egitasmo bat dela, aurrezkiak ekonomia sozialera eta lankidetzara bideratzea helburu dituena, beti ere, mundu justuago bat lortzeko. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak azaldu du helburu horiekin bat egiten duela Donostiako Udalak: “Banku etikoen aldeko apustu garbi bat egin nahi dugu, diruaren erabilera etiko bat bermatzen dutelako, hau da, jakin badakigulako diru hori ez dela erabiliko armak sortzeko, etxebizitzekin espekulatzeko ala giza eskubideak urratzen dituzten jarduerak sustatzeko”, adierazi du.
Fiare oraindik ere osatzen eta eraikitzen ari den proiektua da, eta asmoa da bazkide izateaz gain, bezero ere izatea, bertan kontu korronte bat irekiz. Banka etikoaren baitan egitasmo hau aukeratua izan da eredu parte hartzaile eta herrikoi bat eskaintzen dulako, non pertsona guztiek ahotsa duten. Eta Euskal Herrian bertan sorturiko ekimena delako, estatu osorako eredu izan dena.
Donostiako Udalean aurreko agintaldian ekin zioten hitzarmen honen oinarriak jartzeari. Izagirrek berak bide hori urratu izana eskertu du: “Lankidetza Sailak ekin zion honi eta guk edukiak osatu ditugu, banku etikoaren aldekoa apustua sendotuz. Bizi ditugun garaiotan gizartearen esku eta gizartearen zerbitzura dagoen horrelako bitarteko finantziario bat izatea inoiz baino balio gehiago duela uste dugu, izan ere bere bokazioa gizartea eraldatzea da, gardentasuna eta partaidetza bere ikurrak direlarik”.
Asanblada larunbatean
Era berean, asteburu honetan bertan egingo den bilera izan du hizpide alkateak. FIAREren Euskadiko Asanblada Intxaurrondoko Kultur Etxean egingo da, hilaren 10ean, eta aurrerantzean ere tokia utziko zaio mugimendu honi etorkizuenan ere asanbladak egiteko.
Fiarek 3.500 bazkide ditu gaur egun, horietako 1.000 Euskal Herrian. Garibik zehaztu du, Gipuzkoan 300 bazkide daudela eta eredugarria dela bertan osatutako sarea, izan ere, bazkide aktiboak direla. Garibik Donostiako Udalari horrelako urratsa eman izana eskertu dio: “Administrazio publikoaren berme horrek sinesgarritasun gehiago ematen digu gizartearen aurrean, eta herritarrek guregana gerturatzeko bidea zabaltzen du”, azaldu du. Donostian ostegunero 18:00etatik 20:00etara informazioa eskuratzeko arreta zerbitzua ematen du Fiarek, Caritaseko bulegoan.


