Uholdeei aurre egiteko neurriak hartzea lehentasun nagusia dela adierazi du alkateak
Urtebete da Txomin eta Martutene auzoak urak hartu zituela. Urumeak gainezka egin zuen eta 2.400 auzotar kaltetu zituen. Ehun pertsona etxetik atera egin behar izan zituzten. Udalarentzat auzo hauetako biztanleen egoera konpontzea lehentasuna dela adierazi du Juan Karlos Izagirre alkateak. Auzotarrekin bihar eta etzi bilduko da, bertan aurreikusita dauden lanen inguruan hitz egiteko.
“Ez dugu ulertzen inbertsio handiez hitz egitean ahaztea badaudela donostiar batzuk euria egiten duenean izututa bizi direnak. 2012an esan daiteke lortu dugula erakunde arteko batzordea osatzea, eta geldirik zeuden lanak hastea”, adierazi du Izagirrek.
Datorren urtean hasi nahi ditu Udalak Txomin Enea urbanizatzeko lanak. Mila etxebizitza eraiki eta auzoaren altuera igo egingo dute. Egia eta Martuteneko zubi berria eraikitzeko lanak, berriz, 2014an hastea espero dute. Sarasola zubia edo Egiako zubia bezala ezagutzen den hori aldatzeko URArekin egindako akordioa azaldu dute. Orain zubi zabalago eta altuago bat jarriko dutelarik. Bestetik, alboan dagoen Ciudad Jardin deiturikoan egingo diren aldaketen artean, lezoi izeneko murru begetalak jarriko diztuzte ibaiak gainezka egiten duenerako.


